argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Gobernuari leporatu diote ez duela Pirinioetako planean sinisten Jaurrietan egindako herri batzarrean
  • Asteazken honetan Pirinioetako herritarrek batzar irekia egin dute Jaurrietan eta salatu dute Nafarroako Gobernua ez dela behar bezala garatzen ari Pirinioetako Plana.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko uztailaren 04a

Tokiko erakundeak biltzen dituen Pirinioetako Mahaiak eman zuen egoeraren berri eta, ekainaren 21eko bileran salatu zuten gisan, Pirinioetako Planaren garapena ez da ona izaten ari. Uste dute 2024an geldialdi bat egon dela eta, areago, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa planarekiko txikitu egin dela. Besteak beste, plana garatzeko langile kopuruen murrizketa da horren adierazleetako bat, mahaiak berriki salatu duten moduan.

Irati Irratiaren arabera, 90 bat lagunek parte hartu duten herri batzarrean, eta mahaiko ordezkariek emandako azalpenen ondoren eta herritarren artean izandako iritzi trukaketan, haserrea sumatu da Nafarroako Gobernuarekin.

Herritarren ustez, Nafarroako Gobernuan atzera egin da Pirinioetako planari dagokionez. Besteak beste, batzarrean aditzera eman denez, 2025erako amaituta egon beharko litzateke despopulazioari buruzko lege berria, baina atzeratuta doa eta ez da egongo.

Lurralde Kohesioko Kontseilaritzaren menpe dago plana garatzea. Oscar Chivite kontseilaria eta José María Rodríguez planaren zuzendariarekin ekainaren 17an egindako bileran, gobernuko kideek denak berdin jarraitzen duela adierazi zieten eta, orain arte bezala, hilero joango direla Pirinioetara mahaiarekin biltzera. Pirinioetako Mahaiko kideen aburuz, dena den, eurek beste ikuspegi bat dute eta ikusten ari dira nola husten ari den plana, eta Jaurrietako batzarrean jasotako sentipena ere horixe bera dela uste dute.

Mahaiko kideetakoa da Unai Irigarai Auritzeko alkatea eta Euskalerria Irratiari egindako adierazpenetan “ahaztuak” sentitzen direla salatu du. Egoerak hobera egiten ez badu, herritarrei adi egoteko eskatu die.