argia.eus
INPRIMATU
Pirinioetako emakumeen topaketa egingo dute Espartzan
  • Urriaren 22an izango da zita, Pirimakume sareak antolatuta, Elkar zaitzen dugu lelopean. Egitarauan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besteak beste berdintasunaren aldeko partya.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko urriaren 13a
Pirineotako Emakumeen Sareak antolatu du Espartzako topaketa (argazkia: Pirimakume)

Pirinioetako Emakumeen XXI. Topaketa egingo dute urriaren 22an Espartzan, Zaraitzu bailaran, Murkuzuria kanpinean. Pirimakume Pirinioetako Emakumeen Sareak antolatu du eguna eta Elkar zaintzen dugu leloa izango du.

Egunean zehar hainbat ekimen eta ekitaldi aurreikusi dituzte, esaterako, "autozaintza eta "zaintza kolektiboa" ardatz izango dituen tailerra, Eva Rosino sexologo eta langile sozialaren eskutik; baita berdintasunaren aldeko party-a ere, Pilar Lopez psikopedagogoak gidatuta. Bazkaria, bakarrizketa eta amaierako kontzertua ere ez dira faltako Espartzan egun horretan.

Udazkeneko agenda beterik

Espartzakoa ez da udazkenean Pirimakumek izango duen zita bakarra. Ostegun honetan bertan Jaurrietan formazio saioa dute, Pirinioetako emakumeen "bide orria" zehazteko: "Partekatzea, ikertzea, antolatzeko moduak aztertzea, ikastea eta talde-lana ospatzea" dira helburuetako batzuk, eta hainbat egunez luzatuko da formazioa.

Horrez gain, azaroaren 5ean beste formazio tailer bat izango dute politika publikoak eta berdintasunaren inguruan, beti ere Pirinioetako emakumeen ikuspegitik eta haiei bideratua; eta eskolatean Emakumeok amesten dugun Pirinioa. Etorkizuneko eszenatokiak erakusketa paratuko dute.

Pirimakumek, egitasmo hauekin guztiekin Pirinio "bizia, jasangarria eta genero eta berdintasun ikuspegia izango duena" sustatu nahi du.