argia.eus
INPRIMATU
Pirinioetako basoak ustiatu nahi zituen zerrategi industriala ez dute eraikiko
  • Lannemezanen (Okzitania) eraikitzekoa zen zerrategi erraldoiaren proiektua bertan behera utzi du Florian italiar multinazionalak. Urtean 1.200 futbol-zelai adina pagadi moztu asmo zuten.

Peru Iparragirre @peruiparragirre 2022ko abuztuaren 18a

2019 amaieran eskuratu zuen Florian enpresa taldeak Lannemezanen (Okzitania) zerrategi industrial bat jartzeko baimena. Egitasmoa aurkeztu zutenean agerian geratu zen zerrategiaren helburuak betetzeko Pirinioetako mendikate osoko pagadiak ustiatu beharko lituzkeela; mozteen %40, esaterako, Biarnon eta Ipar Euskal Herrian egin asmo zituzten.

Proiektua aurkezterako instituzio nagusien oniritzia eta finantzaketa lortua zuen Florianek. Multinazionalaren asmoak azaleratu ahala elkarte eta norbanako andana batu zen proiektuaren aurka, eta azken urteotan auziaren inguruko informazioa zabaltzen eta zerrategi industrialaren bideragarritasun ekologikoa zalantzan jartzen lan egin dute.

Zerrategi erraldoiaren aurka eratutako Touche pas à ma forêt kolektiboak berrogei elkarte, alderdi politiko eta bestelako egitura biltzen ditu, eta baita ehunka herritar ere. Hain zuzen ere, proiektua Lannemezanen kokatuta egonagatik ere Pirinioetako baso guztiei eragingo zieken. Zerrategia elikatzeko urtean 1.200 futbol zelai adina pagadi moztu beharko ziratekeen.

Beraz, gutxieneko baldintzarik gabe eta aurkako mugimendu zabalarekin bertan behera utzi du proiektua Florian taldeak. Horren berri eman du abuztuaren 17an Goi Pirinioetako eskualdeko prefeturak. Hain zuzen ere, prefeturak adierazi duenez, 2020an Estatuko zerbitzuek abiatutako ikerketa baten emaitzen berri izan ostean hartu du erabakia multinazionalak.