Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren adarretako bat da proiektu berria. “Artzibarko Zerbitzuen eta Ogibideen Kooperatibaren akronimoa da izen hori, eta Artzibarren bizitzeko eta lan egiteko asmoarekin jarri dugu martxan”, azaldu du Perandrések. Elikadura burujabetza oinarri hartuta, eskualdeko ekoizleen eta produktu ekologikoen eskaintza egiten dute gunean.
Herri txiki asko eta guztira 300 biztanle dituen bailaran hainbat zerbitzu eskaintzeko helburuarekin jaio zen Azokoop duela bi urte, baina hasieratik izan dira egitasmoko zutabe garrantzitsuenetakoak elikadura burujabetza eta hurbileko kontsumoa. “Denda ireki aurretik, mikrokooperatiba sortu eta lehen urtean, etxez etxeko banaketa zerbitzua izan genuen martxan”, azaldu du kideak. Astero-astero, eskaintza orri bat pasatzen zieten bezeroei, hauek eskaera egin eta astean behin banaketa egiten zuten kooperatibako kideek. “Proiektuak ez zuen guztiz funtzionatu, ez zirelako behar adina etxe batu ekimenera”.
Baina aurten Urdirotzen etxea erosi dutela baliatuta, eraikinaren behe aldea egokitu eta bertan jarri dute denda. “Desberdina da toki fisiko bat izatea: jendea hona etor daiteke erosketak egitera, ez du eskaera bost egun lehenago egin beharrik, produktuak zuzenean ikus ditzake…”. Izan ere, bailarako jendearen arazoetako bat da edozein erosketa txiki egiteko kotxea hartu eta 15 minutu baino gehiago egin behar izatea.
Dendan saltzen dituzten produktuen irizpideetan, lehen bahea hurbiltasuna da: “Guk bizi garen toki berean lan egin nahi dugun bezala, aukera hori eman nahi diegu inguruko artisauei eta ekoizleei”. Produktuak artisauak eta ekologikoak izateak ere badu garrantzia: “Badira eskualdean topatu ezin diren gauzak, zitrikoak adibidez. Bada, horien kasuan, ekologikoak ekartzen ditugu, eta beti ere kooperatiben edo interesgarriak deritzogun proiektuen bidez”. Ahal den heinean, gainera, ontziratu gabeko produktuak eskuratzen saiatzen dira.
Mikrokooperatibako bazkideek %10 gutxiago ordaintzen dute erosketa, baina denda edonorentzat dago irekita. Barazki freskoak, jogurtak eta esnekiak, ogia, haragia, garbiketa produktuak… asteko erosketen saski osoa bete dezakete Azoka-Dendan bezeroek. Dendako eskaintzaz gain, bestelako zerbitzuak ere ematen ditu Azokoopek: “Laneko erreminten eta makinariaren alokairua egiten dugu, baita hezkuntza musikaleko zerbitzua ere. Pixkanaka hedatzen goaz”.