Pirinioetako Mahaiak agerraldia egin zuen ostiralean, "konpromisoen lege bat" eskatzeko eta Nafarroako Gobernuari "neurri zehatzak" exijitzeko.
Nafarroako Pirinioetako Mahaiak batzorde iraunkorreko bilera egin zuen ostiralean eta agerraldi bateratua ondoren, Nafarroako Gobernuak abian ipinitako Pirinioetako Planaren egoera azaltzeko. "Une orotan adierazi digute denak berdin jarraitzen duela, gobernantza-sistema deiturikoak barne. Baina hori ez da horrela izaten ari", esan dute oharrean. Izan ere, seinalatu dutenez, langile falta pairatzen du planak. Aurreko legegintzaldian zuzendaritza batek egin zuen lana bi pertsonaren gain gelditu da, zeintzuek bestelako lanak ere egiten dituzten. Areago joan da gobernua azken astean: langileen "apurra" kargugabetu du, Pirinioetako Mahaiaren esanetan.
Beraz, Pirinioetako herrietako alkateek zera esan dute: "Aspalditik pentsatzen ari garenaren egiaztapena dela uste dugu, nahiz eta jarrera proaktibotik lanean jarraitzen saiatu garen denbora guztian. Gure ondorioa da gaur egungo Nafarroako Gobernuak ez duela Pirinioetako Plana sinesten, eta bertan behera uzten duela planaren garapena. Agian, pazientzia gehiegi izan dugu, edo konfiantza gehiegi, baina orain argi daukagu. Tresnarik gabe uzten gaitu, elkar gobernantzarako aukerarik gabe, eta okerrena, espero ez genuen atsekabe sentsazioarekin".
Herritarrei "gauzak diren bezala" jakinarazteko borondatea adierazi dute agerraldian, eta María Chivite lehendakariari ere bilera eskatu diote. Uztailaren 3an Jaurrietan biltzeko deia luzatu diete Pirinioetako bizilagunei, elkarren artean erabakitzeko nola egin aurre etorkizunari.