Ekaitzak eragindako kalteen ondorioz, 90.000 eurotik gorako galerak izango dituzte Donostiako Piratek. Auzolanean aritu dira kaltetutako guneak konpntzen, baina egitaraua aurrera atera ahal izateko laguntza eskatu dute.
“Egoera oso latza da”, adierazi dute Batiste Ezeiza eta Mireia Mochales piraten bozeramaileek, asteazken gaueko ekaitzak utzitako kalteen kontaketa egin ostean. Kalte material handienak azpiegituretan eta musika materialean jaso dituztela azaldu dute. “Haizeak eta euriak tresna asko txikitu ditu eta jai herrikoien proiektua oso oso ukituta geratu da”, esan dute.
Hala ere, egitarauarekin aurrera egitea erabaki dute. Litekeena da zenbait aldaketa egin behar izatea eta programazioan ez dauden ekimen berriak ere lotzen ahalegintzen ari direla jakinarazi dute.
“Inoiz baino gehiago” babesa behar dutela esan dute mugimenduko kideek. Jaiak aurrera ateratzen lagundu nahi duenarentzat, beraien kontu korronteko zenbakia zabaldu dute (3035 0149 45 1490027294), nahi duenak bere ekarpena egin dezan.
Twitterren #SOSPiratak eta #90000baietz traolak erabiltzen hasi dira.
Aste Nagusia bukatzeko falta diren egunetan mugimenduko parte izateko eta La Flamenkara, Kantina Piratara eta Nautiko gunera hurbiltzeko gonbita luzatu dute piratek. “Pena handia izango litzateke Donostia abordatzeari utzi behar izatea gau oker baten erruz”, diote.