argia.eus
INPRIMATU
Pirata Setioa antolatu dute Donostiako Piratek, ohiko Aste Nagusiaren alternatiba gisa
  • Gaur egungo egoeraren aurrean eta zailtasunak zailtasun, Pirata Setioa antolatuko dute Donostiako Piratek abuztuaren 10ean. Egun osoko egitaraua prestatu dute egun horretarako, Trinitate plazan.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2020ko abuztuaren 07a
Donostiako Piratek aurtengo egitarau berezia aurkeztu dute kaian. Argazkia: IƱaut Gonzalez de Matauko Rada

Konfinamendu osteko “uda berezi honetan” auzolana eta elkar zaintza aldarrikatu nahi dituzte Donostiako Piratek, eta ohiko Aste Nagusiari alternatiba bat eraikitzen jarraituko dute, “kontsumotik harago doan eskaintza antolatuz”. Egoera berezia aintzat hartuta, Piratek ez dute festa masiborik bultzatuko, baina egitarau propioa aurrera aterako dute: “Aurten ere ez diogu uko egin nahi izan kaleak gure egiteari, ezta ere herri mailako antolakuntzari eta gure mugimenduaren baloreei”, diote.

Donostiako Piratek adierazi dute Donostiako Udalak ez diela erraztasunik eman, eta gehitu dute egitarau edo proposamen berri bat aurkeztu duten bakoitzean “oztopoak” baino ez dizkietela jarri. Hain zuzen, udalaren jarrera kritikatu dute Piratek arratsaldean egin duten prentsaurrekoan, eta udalak abuzturako prestatutako egitarauaren berri izan zutenean “sorpresa” izan zutela adierazi dute. Era berean, gogoratu dute jai batzorde guztiei esan zietela ez zietela azpiegiturarik emango bide publikoan jarduerak antolatzeko eta ez zirela horrelako jarduerak antolatuko, eta udalak kalean jarduera ugari antolatu baditu ere, beraiei Trinitate plaza lortzea asko kostatu zaiela salatu dute. “Garrantzia kendu nahi diguten arren, gogoratu nahi dugu 2003tik Donostia abordatzen ibili garela, jai herrikoien alde eginez eta jaiak segurtasunez antolatu ditzakegula erakusten”, gaineratu dute. Ildo beretik, larunbatean jai herrikoien aldeko manifestazioa egingo dutela gogoratu dute, 12:00etan.

Egoera honen aurrean, Pirata Setioa antolatuko dute abuztuaren 10ean. Egun honetan hiriko espazio batzuk bereganatu nahi dituzte piratek, Trinitate plaza adibidez. Izan ere, mugimendua 2003an sortu zuten, eta Trinitate plazan ezarri zuten lehenengo La Flamenka gunea, 2004. urtean. “Pirata Setioa baliatu nahi dugu aingurak berriro ere Trinitate plazan botatzeko”, adierazi dute. Era berean, tabernari eta ostalari txikientzako hain zaila izaten ari den urte honetan, urte hauetan guztiekin Piratekin egon diren taberna eta komertzio txikiak lagundu nahi dituzte, eta hain zuzen, hiriko tabernariak izango dira aurten Matti.

Abuztuaren 10ean 12:00etan hasiko da Pirata Setioa, haurrentzako ikuskizunarekin. 16:30ean musika emanaldia egingo dute, eta 19:00etan bertso musikatuak izango dira. Amaitzeko, 22:00 Izan Pirata dokumentala proiektatuko dute. Ekitaldi eta emanaldi guztiak segurtasun neurriak bermatuz egingo direla gehitu dute, argi utzi nahi baitute “festa masiboa” ekidin nahi dutela eta “arduraz eta errespetuz” jokatzeko unea dela. Horregatik, edukiera mugatua izango da; beraz, ikuskizunetarako sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko direla azaldu dute, Internet bidez edo Pandora, Platero, Zulo Zahar eta Belfast tabernetan. Bakoitzak, asko jota, bost gonbidapen hartzeko aukera izango du, eta gonbidapenak hartzerakoan, izen abizenak eta telefono zenbakia eman beharko dira, beharrezkoa balitz, Osakidetzako aztarnariei emateko. Datu horiek guztiak hamabost egun igarotzean ezabatuko dira. Bestalde, sarrerak doakoak izango dira, baina egoera berezia denez, borondatea emateko aukera izango da.