Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta alaia, neskatoak gaurkotasun itzela duela erakutsi du “Izan zaitez Pippi-ago” mahai-inguruak.
Autoritarismoak eta faxismoaren gorakadak bizi gaituen garaiotan, denaren gainetik askea den, autoritateari aurre egiten dion eta ahulenak laguntzen dituen 9 urteko Pippi-k ez du gaurkotasunik galdu. Beharbada horregatik, haren liburuak asko saltzen dira oraindik ere eta 2020an errekorra gainditu zuen liburu salmentetan (sorreratik 170 milioi liburu saldu ditu, 85 hizkuntzatan).
Bai, 1941ean Astrid Lindgren idazle suediarrak sortutako pertsonaia apurtzailea da, gaur egun ere. Ez du (gurasoen) araurik, ez lezio moralik jasotzen, hierarkiak puskatzen ditu, aldarrikatzailea da eta ez da ezeren beldur. ARGIAn aipatu genuen moduan, neska txintxoa izan beharraz eta genero rolez trufatzen da, nahi duen bezala janzten da, eta askori kaotikoa irudituko zaion etxetzarrean bakarrik bizi da (amarik eta aitarik gabe), kasik okupa gisa. Oso makarra da Pippi. Motosdun neskatoak hegan egin dezake, super-indarra du, animaliak maite ditu (zaldia eta tximinoa alboan ditu beti), atzeraka ibiltzen da, eta hankak burkoan egiten du lo.
Mezu onbera, prefabrikatu eta hipermastekatuen haur literatura ugaritu den honetan, Pippi askatasunerako leihoa dela dio liburuzain askok
Hamarkada hauetan, 200.000 eskutitzetik gora bidali dizkiote irakurleek egileari (haren ondarearen arduradunei), hain da handia neskatoak utzi duen arrastoa. Telesailak eta marrazki bizidunek hauspotuta, fenomeno literarioa inspirazio iturri (izan) da haur askorentzat, baina baita heldu eta iraultza batzuentzat ere. Suedia izan zen haurren aurkako zigor fisikoa zigortzen zuen munduko lehen herrialdea, 1979an, eta erabaki horretan Pippi Kaltzaluzeren eragina izugarria izan omen zen.
Eredu desegokia?
Helduen mundu zurrunarentzat, eredu deserosoa da ilegorria, hain justu ez duelako helduen beharrik (pentsa, eskolara ere ez da joaten). Hastapenetan, pertsonaiak haurrengan eta haien jarreran oso eragin kaltegarria zuela idatzi zuten Suediako egunkari salduenean. Are, badira gurasoak ere ez dutenak uste Pippi umeentzat egokia denik. Baina mezu onbera, prefabrikatu eta hipermastekatuen haur literatura ugaritu den honetan, batzuetan gainbabestutako seme-alabak hazten ditugun honetan, Pippi askatasunerako leihoa dela dio liburuzain askok, haurtzaroko motxila emozionalaren baitan eraman beharko genukeen literatura.
Orain, Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan (sektoreko prestigiotsuenetakoa), 200 bat ilustratzaile, kontalari eta jarraitzaile elkartu dira, Pippi Kaltzaluzeren zortzi hamarkadak ospatu eta omentzeko.