argia.eus
INPRIMATU
Pinuen gaitzari aurre egiteko oxido kuprosoa erabiltzea oso toxikoa dela salatu dute
  • Pinuen gaitzari aurre egiteko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek aurkeztu duten plana gogor kritikatu du Naturkon kolektiboak, besteak beste gaitzari aurre egiteko erakundeek proposatu duten oxido kuprosoa toxikoa baita: “Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?”.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 17a

“Substantziaren berezko arriskuaz gain, abiadura horiekin airez zabaltzen den produktua nora joango den ezin denez kontrolatu, Europar Batasunean airetiko tratamendu fitosanitarioak debekatuta daude, oso kasu berezietan izan ezik –azaldu du Naturkonek–. Gainera, oxido kuprosoa arnastuz gero toxikoa da eta azala edo bronkioei narritagarria zaie ukituz gero. Hori gutxi ez, eta uretako faunarentzat arras toxikoa izateagatik, administrazioak berak tratamendu hauetan ibai eta erreken inguruan 50 metroko segurtasun zerrenda errespetatzea exijitzen du”. Gipuzkoako 16 erakunde naturalista eta kontserbazionistek osatzen duten kolektiboak galdera zuzena egin die erakundeei: “Gizartea halako arriskuan jarrarazteak merezi ote duen benetan pentsatu behar al dute behingoz?”.

Basogintzaren sektorea berreskuratzeko planak jasotzen dituen neurriak ere kritikatu ditu kolektiboak. Proposatzen diren landaketak biodibertsitatearentzat onura dakartela adieraztea faltsua dela dio, baita sektoreak 20.000 lanpostu dituela eta EAEko BPGaren %1,5 direla esatea ere: “Estatistika horiek bihurritzearren zerrategiak, papertegiak, altzairu fabrikak edo beste lantegi batzuk sektorean sartzea iruzur egitea da. Kanpoko erkidegoetatik Hernaniko paper-fabrikara egurra ekartzera egunero etortzen diren kamioi-ilara luzeak inork ikusiko ez balitu bezala”.

Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia izeneko plana arbuiatu du talde naturalistak, “jakingo ez bagenu bezala Euskal Herrian ditugun konifero-baso bakarrak Araba mendebaldeko pinu-gorrien pinudiak eta Dueñasko pinudi txikia direla, Aleppo espeziekoa azken hori”.