argia.eus
INPRIMATU
Pinuen fumigazioaz Tapia sailburuari gezurretan aritzea aurpegiratu dio Naturkonek
  • Hainbat talde ekologistaren bilgunea den Naturkon elkarteak Arantza Tapia sailburuari oxido kuprosoz pinudiak airetik fumigatzeko baimenez gezurretan aritzea aurpegiratu eta eskatu dio publikoko zuzendu dezala oker esandakoa.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 17a
Pinudiak airetik fumigatzen 2016an Bizkaian. (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

Abenduaren 14an Diario Vascok zabaldu zuenez, Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren sailburuak esan zuen Eusko Jaurlaritzak erabakita daukala EAEko pinudiak airetik oxido kuprosoz fumigatzea, "baimendutako tratamendua delako, ondo definitua eta eraginkortasuna frogatu duena". Eva Lopez de Arroiabe EHBilduko parlamentariak Eusko Legebiltzarrean egindako galderari horrela erantzun zion Tapiak.

Naturkonek abenduaren 4an galdetu zion Jaurlaritzari ea "zein ekintza burutu duen Eusko Jaurlaritzak Trantsizio Ekologikorako [Madrilgo] ministerioak baimendu dezan (salbuespen gisa izan edo ez) oxido kupropoa airetik erabiltzea oihanen tratamenduetarako". Jaurlaritzak Irekia zerbitzuan emandako erantzuna lotura horretan bertan irakur daiteke.

Orain, jakinik Tapia sailburuak oxido kuprosoz fumigatzeko baimena lortutzat eman duela, gezurretan aritzea egotzi dio eta egia berriro aitortzea eskatu publikoki: "Berrikitan, egin genion galdera bati erantzunez, Garapen Ekonomikorako sailak abenduaren 13an –Tapiak hitz egiteko bezperan– esan zigun Madrilek ez zuela inolako baimenik eman, ez orokorrik eta ez salbuespenezkorik, airetik fumigatuz oxido kuprosoa erabiltzeko intsignis pinuari eragiten dion banda marroi izurritearen kontra".

Gai honi dagokionez, jakin berria da Euskadiko Biologoen Elkargo Profesionalak ere eskatu duela oxido kupropoz ez fumigatzea EAEko pinudiak. "Aditu ezagunek diotenez –esan du elkargoak oharrean– kobre oxidoa izugarri pozoitsua eta toxikoa da irentsiz gero. Nerbio sistema zentrala eta sistema endokrinoa kaltetzen ditu, eta begiak eta larruazala sumintzen. Toxikotasun kroniko eta epe luzekoari dagokionez, arriskutsua da kontzentrazio apaletan irentsi edo arnastuz gero ere. EFSA Europako Elikadura Segurtasunerako Agintaritzak dio bere erabilerak arrisku handiak dakartzala hegazti, ugaztun eta lurzoruko izakientzako".