argia.eus
INPRIMATU
Pinuen fumigazioaren aurkako mozioak aurkeztu ditu Naturkonek gipuzkoako zenbait udaletan
  • Hainbat talde ekologista eta naturzale biltzen dituen Naturkon elkarteak mozio bat aurkeztu du Gipuzkoako zenbait udaletan eskatuz udalok debekatu dezatela beren lur eremuetan insignis pinuak oxido kuprosoz fumigatzea eta beste erakundeei bezala lurjabe eta herritarrei eska diezaietela aireko tratamendu hori ez erabiltzea.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 11
Hegazkin bat lursailak airetik fumigatzen. (Argazkia: Ecolgistas en Accion)

Eguzki elkarteak zabaldu du Gipuzkoako udaletako batean, Errenteriakoan, Naturkonek aurkeztu duen mozioa eta antzekoak izan behar dute beste herriko etxe gehiagotan aurkeztutakoek. Mozioak sarreran azaltzen du oihanek Euskal Autonomia Erkidegoan bizi duten egoera tamalgarria, bertako baso naturalen hiru laurdenak urteotan suntsitu dituztela salatuz: "EAEko azken Baso Inbentarioko datuen arabera (2016), intsinis pinuaren monolaborantzaz osatutako eta ia 125.000 hektarea dituen ustiatutako masa itzela sortu da (ez dira basoak). Horiei gehitu behar zaizkie beste espezie exotiko komertzialen 80.000 Ha luzeak. Denek infektatu dituzte gure paisaia naturalak, baso-ekosistemetan bioaniztasun galera handiak eragin dituztela. Gaur egungo egur politikaren oso ondorio larria da baso naturalen % 75 desagertu izana dagoeneko EAEko lurraldetik: hariztiak, pagadiak, ameztiak, baso mistoak, artadiak eta abar".

Naturkonentzako, estrategia horren ondorioa da erabili diren espezieen izurriak neurrigabe ugaritu izana, hala nola pinu-beldarra, fusariuma edo gaur egungo xingola gorria nahiz marroia. Horiei aurre egiteko agintariek antolatu duten estrategiak orain "aurreikusi du xingola marroia eta gorriaren aurka kupre (I) oxidoa erabiltzea fungizida gisa. Honek ondorio larriak sor ditzake Ingurumenean eta osasun publikoan: basa fauna, lurzoruak, urak eta bere hornidurarako hartuneak, elikagaien soroak, eta giza populazioaren osasun publikoa. Onddo eta zizen komunitate naturalak txikitzeaz gain (fungizida orokorra baita, inongo bereizketarik egiten ez duena), basa-faunari, lurzoruari, urari eta hornidurarako uraren hartuneei, jateko laboreei eta herritarren osasunari ere eragiten die".

Hori guztiagatik, Naturkonek udaloi eskatzen die –kasu honetan, Errenteriakoari– erabaki zehatzok onartzea:

"1.- Errenteriako Udalak Gipuzkoa Foru Aldundiari eskatzen dio gure udalerriko baso eremuetan, publiko zein pribatuetan, inongo aire bidezko fumigaziorik egin ez dezala, Ingurumenaren, osasun publikoaren eta giza populazioarentzako ur hartuneen babesa bermatzeko asmoz.

2.-  Errenteriako Udalak bere jabetzako mendietan oxido kuproso bidezko tratamendurik egiteko baimena ukatu egiten du berariaz.

3.-  Errenteriako Udalak Euskal Herriko gainerako erakunde publikoei, alegia, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Foru Aldundiei, Udalei, Mankomunitateei, Partzuergoei zein Auzo Erakundeei ere, beren jabetzako mendietan beste hainbeste egiteko gonbita luzatzen die.

4.-  Errenteriako Udalak udalerriko lurjabeei gonbit egiten die halaber, beren sailak fumigatzeko baimena ukatu dezaten, haien jabeak direnez.

5.-  Errenteriako Udalak ez du baimentzen udalerrian tratamendu fitosanitarioak aireontzi bidez aplikatzen.

6.-  Errenteriako Udalak erregistro bat sortuko du beren sailak zein horien ingurukoak ez fumigatzea nahi duten herritarrek beren izena eman dezaten eta Udalaren babesa jasotzeko. Udalak, halaber, gaiaren inguruko aholkua eskaintzen die eta Aldundiaren aurrean haien izenean egin beharreko gestioak egiteko zerbitzua ere bai.

7.-  Errenteriako Udalak kontsideratzen du ezen espezie arrotzen labore intentsiboek ez baitute betetzen ez babes-funtziorik ez natura kontserbatzearen aldeko funtziorik, ez dela bidezkoa mendi horien helburu aitortuaren guztiz kontrako jarduerei baliabide publikoz laguntzen jarraitzea.

8.- Mozio honen edukia jakinaraztea: komunikabideei, Eusko Jaurlaritzari, hiru Foru Aldundiei, Espainiako Gobernuari eta egurraren sektorearen ordezkariari (Baskegur)".

Honako taldeok osatzen dute Naturkon elkarte edo koalizioa: Itsas Enara OE, Arkamurka Zarauzko NT, Eguzki, Mutrikuko NT, Herrio Orioko NT, Ugatza OE, Ekologistak Martxan, Zumaiako NT, Erkaxo Azpeitiko NT, Katamarrua Zestoako NT, Landarlan Goierriko NT, Ondarroa 12 milia, Haritzalde Naturzaleen Elkartea eta Okil Beltzak Elgoibarko NT.