argia.eus
INPRIMATU
Pinu intsignisa: urre berdea izurrite gorri
  • Urre berdea zena izurrite gorri bihurtu zaigu. Eta gurera ere iritsi da pinuak ihartzen dituen onddo dontsu hori! Dozena bat urtera gure jubilazio sarrerak osatzeko balio behar zuena, bota eta huskeria baten truke eman behar. Eta ingurukoak ere berdin: dirutzak galtzeaz gain, kezkati, urduri: zer egin? Bota? Mantendu ea neguan errekuperatzen den? Bota ta gero berriz landatu? Zer landatu? Datorrena datorrela utzi? Pinuez gain, terrenoak ere erdi-erregaloan saldu? Eta erantzunak gutxi. Informazioa zeharo nahasia.

Maite Aristegi @MAristegi 2018ko urriaren 24a

Behin baino gehiagotan entzuna diet bertako zaharrenei: pinu- leku onenean ere, lehenengo pinu aldia oso ona; bigarrena eskasagoa; eta hirugarrenean, lurrari bere onenak kendu ondoren, nabarmen pinu tristeagoak. Baina halako konstatazio logikoei begiratu gabe, eta uneak eskatzen duen hausnarketa sakonago baten faltan, baso politika zuzentzen duen Diputazioak eskutitz soil bat, bide beretik jarraituko dela esanez: gaitzak jotakoak bota eta landaketa berriak egitea sustatu. Laguntzetarako oraingo partidak potolotuz... baina zertarako? Aukera gehiago zabaldu gabe, informazio eta aholkularitza gehiago eman barik, berriz ere pinu-zulo berera botatzeko? Edo okerrago dena, lurrean dituen ondorio larriak inork zalantzan jartzen ez dituen eukalipto sailak hauspotzeko? Kontuz! Baso biziak nahi ta behar ditugu!

Natura ere tematia dela konturatu barik, konponbidea teknologiatik datorrelakoan, ikerketak areagotu eta pinu erresistenteagoak bilatzeaz dihardute... Edota, airezko fumigazioa egiteaz!! Jarri al dira balantzan hain zalantzazkoa den gaitzaren kontrako eraginkortasuna eta balizko kalteak inguru guztian? Egungo kaosari aurre egiteko eta gutxi batzuk (egurketari edo terrateniente) egoera nahasiaz errez aprobetxatzea ebitatzeko epe motzeko erantzun azkar eta zentzuzkoak behar ditugu, noski.

Baina baliabide handiak izan arren, lehengo baldintza beretsutan segitzeko ematen badira, ez dago porrot egin duen bidetik ateratzerik. Horregatik, urgentziazko neurriekin batera, oraintxe da unea gelditu, gogoeta sakon bati ekin eta epe ertain eta erdira begirako alternatiba bila hasteko, gaurko baso politiken hutsuneetatik abiatuta, baso politika berri bat eraikitzeko. Eta horretarako, administrazioaren teilatuan dago pilota, hasi gertukoenetik, udaletxetatik eta gobernuraino! Argi izanda, sektoretik bakarrik ezin zaiola honi aurre egin.

Naturarengandik hurbilago dagoen basogintza baterantz joateko, errentagarritasun ekonomikoaz gain, ekologikoa eta kulturala ere bilatu behar ditugu. Denon diruaz lagundutako jarduna, guztion onerako ere izan dadin, bai baserritar baso jabeena eta baita herritar guztiena ere, benetako balio publikoak izango dituena. Eta erabakiak hartzean ere, denon ahotsa entzutea komeniko da!

Ez dago arbola txarrik! Kontua da, non, zenbat, zertarako eta zer modutan landatu, zaindu eta botatzen diren… Informazioa, formazioa, aniztasuna bultzatzeko aukera eta adibide berriak ezagutu, antolatu eta praktikan jartzeko garaia da. Moztutako sailen hutsune nabarra, kolorez bete dezagun.