argia.eus
INPRIMATU
Undabaso
Pinu eta eukalipto artean, harizti mistoaren irla
  • Lurgaia Fundazioak Muxikan 115 hektarea lur kudeatzen ditu eta beste 48 erosteko diru-bilketa kanpaina du abian lurgaia.org -en. Eukalipto landaketak ekiditea eta baso mistoa berreskuratzea du helburu. Irudian, auzolanean landaketak egiten.

Garazi Zabaleta 2021eko otsailaren 11
Argazkia: lurgaia.org

Ekosistemak berreskuratzeko lanean dihardu Lurgaia Fundazioak 2002an sortu zenetik. Jardun horretan, Muxikako Ibarruri inguruko hainbat lur-jaberekin hitzarmena sinatu eta Undabaso izeneko parajean bertako basoa berreskuratzen hasi ziren 2008an. “Bi hektarea ingururekin hasi ginen, eta hortik pixkanaka handitzen joan da proiektua”, dio Sergio Gallego Mazarias fundazioko kideak. Gaur egun, dagoeneko 115 hektarea kudeatzen ditu taldeak bertan, eta beste 48 erosteko diru-bilketa kanpaina abian dute orain. Helburua lortzen dutenean, Bizkaiko bigarren harizti mistorik handiena izanen da Undabasokoa. Altxorra pinu eta eukaliptoek geroz eta leku gehiago hartzen duten Urdaibaiko Biosfera Erreserban.

Diru bilketa azken txanpan

Eukalipto landaketa gehiago ekiditeko eta baso mistoa berreskuratzeko helburuarekin abiatu zuen egitasmoa fundazioak, eta ideia berberarekin jarri du orain martxan diru-bilketa. “Ez dugu haritza soilik landatzen, 35 espezie jartzen ditugu. Haritza da agian garrantzitsuena, baina ez bakarra”. Baina, nola egin dute lurrak nagusiki pribatuak diren inguruan bertako basoaren proiektua martxan jartzeko? Lurrak egitasmora batzeko bi modu izan dituzte: erabilpen lagapena egin diete zenbait jabek, lur horiek kudeatzeko aukera soilik emanez fundazioari, eta beste zati batzuk, berriz, erosi egin dituzte. “Bigarren modu hori nolabait ‘seguruagoa’ da, etorkizunean Lurgaiarekin edozer gertatzen dela ere, lurrak naturaren kontserbaziorako beste entitate batentzat izanen liratekeelako”.

Izan ere, basotik etekin ekonomikoa ateratzeako asmorik ez izatea garrantzitsua da honen kontserbazioari begira. Horregatik, diru bilketatik lortzen duten dirua lurrak erostera bideratuko dute. lurgaia.org webgunean egin daitezke ekarpenak: 25 eurorekin, adibidez, 75 metro koadroko lursaila eros dezakete. Otsailaren 28ra arte egonen da martxan, printzipioz.

Landaketak auzolanean

Landaketak boluntarioekin eta auzolanean egiten saiatzen da fundazioa, jendeak haien lana ezagutzeko aukera dutelako modu horretan. “Ekintza horiek balio handia dute, herritarrek ikusten dutelako zer egiten dugun, zertarako eta nola. Gainera, sentsibilizaziorako eta natura zaintzen ikasteko modu polita da”. Dena den, landaketa guztiak ez dituzte boluntarioekin egiten; jasotzen dituzten diru-laguntzei esker fundazioko kideak eta profesionalak ere aritzen dira lan horretan.

Herritarrak basoaren kudeaketarekin geroz eta kezkatuago daudela uste du Gallegok, horren erakusle da bai Bizkaian baita Gipuzkoan ere gaiaren bueltan sortzen ari diren taldeak. Administraziotik, ordea, ez du kezka bera sumatzen: “Herritarren eskariarengatik bada ere, hasi beharko dira haiek ere mugitzen noizbait. Mugimenduren bat sumatzen da, baina ez behar lukeena bezainbestekoa”.