argia.eus
INPRIMATU
Pintaketa matxistak egin dituzte Barakaldoko Argitan talde feministaren egoitzan
  • Astelehen gaualdean pintaketa matxistak egin dituzte Barakaldoko Argitan taldeak duen egoitzan. Gorroto delitutzat jo ditu Argitanek eta salaketa jarri dute.

Axier Lopez @axierL 2023ko urtarrilaren 05
Argazkiak: Argitan

Elkarte feminista barakaldarraren egoitzako horman eta atean 'Aski da, umeak zaindu, save the children' mezuak idatzi dituzte. Argitanek adierazi duenez, itxura guztien arabera, pintaketa horiek zerikusia izan dezakete igandean Barakaldon gertatu den kasuarekin: herriko emakume bat bere seme-alabak hiltzen eta ondoren bere buruaz beste egiten saiatu da. Argitanek gogorarazi du ez dagoela inolako harremanik kolektiboaren eta kasuaren artean. "Uste dugu norbaitek egoera baliatu duela mugimendu feministaren lanari eraso egiteko, diskurtso negazionistak ugaritzen ari dira, emakumeek sufritzen dituzten desberdintasunak ukatzen dituztenak, eta horiek era guztietako aitzakiak aprobetxatzen dituzte indarkeria matxistaren aurkako borroka baliogabetzeko. Gure lanak molestatzen baditu, zerbait ondo egin dugunaren seinale da", adierazi du Mireia Saizek Herri Irratian. Sare sozialen bidez jasotako babesa eta elkartasuna eskertu dituzte.

Pintaketak gorroto delitua direla iritzita, asteartean salaketa jarri dute kolektibo feministako kideek Ertzaintzaren aurrean. Pintaketak egin dituztenak zeintzuk diren argitu baino, areago joatea eskatu dute: emakumeek egunerokoan sufritzen dituzten desberdintasun estrukturalen gainean kontzientzia sortzea. Udalak pintaketak ezabatu ditu jada.

27 urte lanean

Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak Barakaldoko mugimendu feministako erreferentziarik ezagunena da. 1996an sortutako elkartea da, eta ordutik emakumeen eskubideen alde lan egin du, fokua jarriz gehien bat egoerarik zaurgarrienean dauden emakumeengan, tartean indarkeria matxista pairatu dutenengan. Aholkularitza juridiko-laborala eta arreta psikologiko indibidualizatua eskaintzen ditu, autoestimu-taldeak antolatu ditu, eta ikuspegi feministatik landutako hamaika jarduera egiten ditu (tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, eztabaidak, salaketa publikoak, aldarrikapenak... ).