argia.eus
INPRIMATU
Pintaketak debekatzeko neurriak hartu ditu Arrasateko Udalak
  • Pintaketa, kartel, pankarta, pegatina eta gisakoen esposizioa erregulatzeko neurriak hartu ditu EAJk eta PSE-EEk osatutako Arrasateko Udalak. Herriko gune publikoak “garbi mantendu” eta “giro atsegin bat sortzea” da bultzatzaileen asmoa. Arau berriak “adierazpen askatasuna eta errespetuan oinarrituriko bizikidetza” bultzatu nahi du, Oscar Garcia Horrillo (PSE-EE) zinegotziaren esanetan.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 08a
Pintaketa egiten duenak isuna jaso dezake.

“Kalean, etxebizitza pribatu zein publikoetan, hiri altzarietan, zuhaitz, estatua, monumentu, eta, orokorrean, herriko kanpo-elementu orotan” pintadak egiteko debekua dakar ordenantza berriak. Neurria errespetatzen ez duenak 151 eta 250 euro bitarteko isuna jaso dezake. Bestalde, ordenantzak ez ditu muralak debekatzen, betiere, egileak eskuartean aurrez eskatutako baimena duen kasuetan. Adierazpen askerako gune artistikoa sortzea aurreikusten du ordenantzak.  

Ordenantzaren baitan, kartelak aurretiko baimena izan gabe jartzea ahalbidetuko duten gune bereziak sortuko ditu Arrasateko Udalak. Kartelak eremu horietatik kanpo jarri nahi dituenak baimenaren beharra izango du. Gainera, “eduki erasokorra” edo pertsona zein kolektiboen eskubideen aurkako mezuak helarazten dituenak 250 eta 1.000 euro arteko isuna jaso dezake.

EH Bildu ez dago ados ordenantza berriarekin. Herritarrek beren mezuak helarazteko udalari baimena eskatu behar izatea herritarren askatasunaren aurka doala salatu du alderdiak: “Zentsura da. Adierazpen askatasunaren aurkako eraso politikoa”. Udal mailako Mozal Legearen etiketa jarri dio EH Bilduk.