argia.eus
INPRIMATU
Pintada LGBTfobikoak egin dituzte, ikasleek marrazturiko ortzadarraren muralean
  • Jolastokian ortzadarraren murala egin zuten duela gutxi Gasteizko Arantzabela ikastetxeko haurrek, marrazkiarekin batera aniztasuna eta errespetua aldarrikatuz. Bada, “putos gays”, “fuck LGTB” eta “maricones” gisako irainak dituela esnatu da murala astelehenean. “Horrelako jardueren aurrean ez gara isilduko”, erantzun du eskolak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko otsailaren 08a
Argazkia: @maternalias

Marrazkiarekin batera, zazpi kontzeptu nabarmentzen ditu muralak: aniztasuna, errespetua, duintasuna, askatasuna, berdintasuna, harrotasuna eta maitasuna. Baina errespetu gutxi eta LGBTfobia asko erakutsi dute pintaketen egileek, agerian utziz arlo honetan oraindik ere egiteko ugari dagoela eta hezkuntza giltzarri izan daitekeela sexu aniztasuna lantzeko.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa da Arantzabela, eta garbi mintzatu da bertako komunitatea, gertatukoaren aurrean: “Eskola-komunitateak bat egiten du pertsonen duintasunaren aurkako eta ikastolan egindako lan artistiko, aldarrikatzaile eta parte-hartzailearen aurkako ekintza iraingarri hori berehala salatzeko. Ez gara isilduko horrelako jardueren aurrean”.