argia.eus
INPRIMATU
Pintada arrazistak eta matxistak egin dituzte Deban
  • Alkateari mezkita ixteko mehatxu egin diote, eta Open Arms ontzia eta mugimendu feminista jomugan hartu dituzte. 19:30ean elkarretaratzea izango da Deban Sare antifaxistak deituta.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 02a
Open Armsen aurkako pintada hondartzan. Argazkia: EITB.

Afrikatik Europara bidean zetozen migratzaileak jaso zituen Open Arms ontziaren aurkako pintadak Open Arms=negreros dio. Mugimendu feministaren aurkako hiru pintada agertu dira hainbat hormatan eta ondokoa diote: Feminazis al hoyo (feminaziak zulora), Feminazis FCK eta A.C.A.B. Migratzaileen, gobernuz kanpoko erakundearen eta feministen aurka egiteaz gain Debako EH Bilduko alkatea mehatxatu dute. Pintadak hala dio: “Guillen, cierra la mezquita. Primer aviso”. Mezkita maiatzean ireki zuten herrian. Alkateak irainduak izan diren gizarte eragileak babestu ditu. Mugimendu feministaz ondokoa adierazi du Noticias de Gipuzkoa egunkariari egindako adierazpenetan: “Jakina babesa erabatekoa dela. Eraso sexistak direla-eta (gainera udan egoera larriagoa izaten da), talde feministetako emakumeak egiten ari diren lana goraipatzekoa da”. Maiatzean abian jarritako mezkitako kideei buruz ondokoa esan du : “Haien kultura ezagutarazten ari dira eta bizilagun guztien artean integrazio egoki baterako bideak irekitzen ari dira”. Irain eta mehatxu guztien aurrean isilik ezin direla gelditu esan du: “Ez dakigu nork egin dituen pintadak baina erne egon behar da eta serio hartu”.  

Pintadak Iñigo Mijangos Salvamento Marítimo Humanitario gobernuz kanpoko erakundeko lehendakariak zabaldu ditu sare sozialetan. GKE horrek Aita Mari arrantzontzia prestatu berri du migratzaileak itsasoan salbatu ahal izateko. Mijangosek honela adierazi du sare sozialetan: “Horrelako jarrerak onartzen baldin baditugu, hurrengo gauez ateratzen direnean gure atea joko dute. StopFaxismoa”. Open Armsen aurkako pintada nork egin duen galdetuta ondokoa adierazi du: “Norbaiten erreakzioa da, ez dakigu herrikoa den ala kanpokoa. Agian deseroso dago guk egiten dugun lanarekin. Hala bada, eman dezala bere iritzia dagokion tokian, badaude-eta bide demokratikoak eta ez ibili gauez mehatxuka. Pedagogia gehiago behar da, fokua zabaldu eta guregandik desberdina denarekiko errespetua landu behar da”.

Deban, 19:30ean elkarretaratzea egingo dute pintaden mezuak arbuiatzeko.

Alkateari mezkita ixteko mehatxua egiten dio pintadak. Argazkia: EITB.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

"Feminaziak zulora", dio mezuak. Argazkia: EITB.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Mugimendu feministaren aurkako beste pintadak batzuk. Argazkia: EITB.