Horixe esan du No filmeko produktore Juan de Dios Larrainek, prentsaurrekoan. Filmak Pinocheten garaiko Txile irudikatzen du eta dirudienez, Txilen bertan pelikula eman dutenean, hango gazteek barre batez ere Pinochet agertzen denean egin dute. “Gustu txarrekoa aurkitzen dute, Darth Vader komiko gisa ikusten dute, komikiko pertsonaia kasik, eta barre egiten dute”. Horregatik da beharrezkoa, besteak beste, iragana ez ahaztea.
Txileko gazteek Pinocheten irudia distortsionatuta ote duten, edo diktadore anker bezala ikusi beharrean pertsonaia barregarria begitantzea ona ala txarra den ez du argitu produktoreak. Nolanahi ere, ahanzturan gera ez dadin, sasoi beltz hari heltzen dio pelikulak, oso modu originalean. Hain juxtu, atzo estreinatutako beste film batek ere, Sleepless Nights lanak, iraganean jartzen du begirada, Libanoko gerra zibila protagonisten ahotik konprenitu nahian, hura ere ahaztu ez dadin.
“Pinochet, tamalez, oso ezaguna da nazioartean, boterera nola iritsi zen oso ezagun egin da, baina ez hainbeste nola atera zen boteretik, eta hor kontatzeko historia interesgarria zegoela ikusi genuen”, azaldu du produktoreak. Hala, anaia duen Pablo Larrainek zuzendutako filmak diktaduraren azken hilabeteak berreskuratu ditu: modernizatzen ari den herrialdea erakusten digu, ekonomikoki indartsua azalean, aurreranzko bidean itxuraz, baina atzealde zikina, askatasunik gabea eta krudela duena. No filma Zabaltegi Perlak sailean eskaini dute, eta oso harrera ona izaten ari da publiko eta kritikarien artean.