argia.eus
INPRIMATU
Pilulak lelopean, abian da Feministaldiaren XIV. edizioa
  • “Pilulak” du goiburu aurtengo edizioak, zaurgarritasunak mahaigaineratzeko xedearekin. Abenduaren 8an ekin diote jaialdiari, eta hilaren 14ra arte iraungo du.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 11
(Argazkia: Feministaldia)

Feministaldia Kultura Feministaren jaialdiak bere XIV. edizioa du aurtengoa, eta “Pilulak” jarri diote goiburu. Plazandreok-ek antolatutako jaialdia abenduaren 8ko igandetik dator egitarau oparoa eskaintzen, eta abenduaren 14ra artean badago zer entzun eta ikusi.

Pasa den igande eta asteleheneko ekimenak Tabakalerako zine aretoan gauzatu dituzte; datozen egunetan aldiz, Kontadores Gazte Zentroan egingo da jaialdia. “Hiri honek espazio asko eta askotarikoak ditu, eta Feministaldiak hasierako periferia eta bazter izaera hori gogoratuta (Artelekuko urteak besteak beste), aldaketa honen erronkari eutsi dio”, adierazi dute antolatzaileek. “Periferietara” itzultzeko apustua egin dutela jakinarazi dute asteazkenean egindako prentsaurrekoan.

Pilulak

Orain arteko ildoari eutsiz, aurtengo Feministaldiak ere egun kultura feministari lotuta dauden ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune izan nahi duela adierazi dute. Hamalaugarren edizio honek badu berezitasunik ordea: “Pilulak” jarri diote goiburutzat.

“Pilulak leloaren barnean, hainbat dira landuko diren gaiak”, azaldu dute antolatzaileek. Gaiok lotura izango dute buru osasunarekin, transexualitatearekin edota prostituzioarekin. Asmoa, adierazi dutenez, zaurgarritasuna mahaigaineratzea da.

Egitarau oparoa osatu dute. Abenduaren 12tik 14ra hitzaldi, performance, mahai inguru, antzerki eta ekintza ugari eskainiko dituzte Kontadoresen. Gonbidatuen artean, berriz, ondokoak: Nancy Garín, Susana Talayero, Leire Aranberri, Ce Quimera, Elena/Urko PostOp, Iraitz Agirre Aranguren, Marta Malo, Irene Arrarats, Sam Fernández, Diego Genderhacker, Sabrina Michelle Sanchez, María Zapata, Marta Plaza eta Susanna Minguell.

Mogambon aretoan egingo den festak itxiko du egitaraua. Larunbatean, 22:00etatik aurrera, La Basu, Folkaraokea eta Sobria&Serena Dj-ek girotuko dute itxialdi jaia.