argia.eus
INPRIMATU
Pi.L.T. taldea oholtzara bueltauko da
  • Hamarkada batez isilik egon ostean, kontzertu batzuk emongo ditu Pi.L.T. taldeak, baina kideek ez dabe zehaztu non eta noz izango diran.

Bizkaie @Bizkaie 2017ko urtarrilaren 17a
Bost taldekideak, Pi.L.T.-ren itzulerarako zabaldu daben argazki berezian.

Sare sozialen bidez emon dau albistea Pi.L.T.-k, eta azken asteotako zurrumurruak egia zirala jakin da. Taldea bueltau egingo da, baina kontzertu gitxi batzuk emoteko baino ez. Ez dabe disko barririk iragarri. Taldekide izandako guztiak izango dira Pi.L.T.-ren itzuleran: Jose Manuel Sampedro Xanpe, Rafa Rueda, Aitor Abio, Txarli Solano eta David Gonzalez. Beraz, lehen laukote (inoz hirukote) izan zana, boskote bihurtuta dator.

Orain dala hamar urte baino gehiago eten eban bere bidea Pi.L.T.-k eta, taldekideek sare sozialetako oharrean azaldu dabenez, horrek beste proiektu batzuetan parte hartzeko aukerea emon deutse. Baina orain, barriro alkartzeko unea dala ikusi dabe: Une egokia eretxi deutsagu geure bideak barriro gurutzatzeko.

Ez dabe arrazoi jakinik emon Pi.L.T. orain berbiztuteko, zergaitik ez? galdetu dabe. Musikeak bizi gaitu, adierazo dabe, eta eskerrak emon deutsiez taldea bueltetako eskatu deutsien zale guztiei. Ez da erraza izan gure agendak bateratzea, baina ahaleginak merezidu dauelakoan gagoz.

Laster, beraz, Pi.L.T. barriro oholtzan ikusteko aukerea egongo da. Emonaldiak non eta noz izango diran ez dabe zehaztu. Halandabe, Mungian egingo dan Ikastolen Ibilaldiaren antolatzaileak aitatu ditue oharrean eta, beraz, pentsetakoa da 2017ko Ibilaldian edo horregaz lotutako ekitaldiren baten, behinik behin, izango dirala.

Rocka kirol arriskutsua izanik eta edadean gora goazela kontuan harturik, goi mailako kirolarien moduan, beharrezko azterketa medikoak gainditu eta zuokaz zuzenekoetan bat egiteko prest gagoz, esan dabe taldekideek sare sozialetako oharrean. Emonaldi gitxi batzuk baino izango ez diran arren, gogotsu gagoz emozinoz beteriko une honeek zuokaz konpartiduteko. Hortaz, laster iragarriko doguzan datetan alkar ikustea espero dogu.

Pi.L.T. edo Π L. T. 1992an sortu zan Mungian. Rock eta metal doinuak landu zituan hasikeratik eta 1990eko hamarkadako erreferentzietako bat izan zan euskal musikan. 1995eko maketan plazaratutako Hil da jainkoa abestiak emon eutsen ospea. Lehenengo lan haren ostean, beste lau disko atera ditue, azkena 2004ko Game Over. Harrezkero, geldirik egon da taldea, orain arte.

Albiste hau Bizkaie!-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra