Pili Yoldi Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria da urtarrilaz geroztik. Bere ustez erakundeek gardenak izan behar dute, hori baita herritarren parte hartzerako lehen urratsa.
Kontseilua 2016ko apirilaren 16an sortu zen eta Mari Jose Beaumontek zuzentzen duen Lehendakaritza sailaren menpe dago. Hamabi lagunek –parlamentariak, Kontuen Ganbera, Nafarroako Gobernua eta UPNA, besteak beste– osatua dagoen kontseilua bideratzea dagokio Yoldiri.
Lege proiektu bat lantzen ari da kontseilua orain. “Administrazioak egiten duen guztia herritarren bistara jarri nahi da. Hori da administrazioaren beharra, batzuetan mesedetzat hartzen bada ere”, dio Yoldik Diario de Noticias-en egindako elkarrizketan. Oraingoz Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean atal bat sortu dute eta bertan herritarrak informazioa eska dezake formulario baten bidez.
Yoldiren esanetan, “dagokien erabaki guztietan parte hartu nahi dute herritarrek, baina transparentzia parte hartzearen hasiera besterik ez da, parte hartzeko lehenago jakin behar baituzu zer dagoen, herritarrak ahalduntzeko modu bakarra da". Bere ustez, Administrazioa horrela bakarrik ohartuko da herritarrak emandako boterearen eta informazioaren jasotzaile besterik ez dela: “Kontu ekonomikoak eskatu behar zaizkie, eta kontu eskatu ere bai agindu dutena eta errealitatean egiten dutenarekin”.
Gardentasunaren Kontseiluak memoriak egingo ditu eta administrazioak hark emandako ebazpenak bete beharko ditu. “Herritarrak ez daki eskatu eta exijitu egin dezakeela eta hori oso ondo etorri zaie aurreko administrazioei. Ideia hori aldatu egin behar da herritarren artean eta baita funtzionarioen artean ere; azken horiek informazioa berea bailitzan lan egitera ohitu dira”. Hala ere, Yoldik azpimarratzen du funtzionarioak Kontseiluarekiko jarrera onean ikusten dituela.