Zeruko Argian, ARGIAn, Punto y Horan eta Eginen aritua, Felix Likinianoren biografia eta Hilerriko jolasak eleberria idatzi zituen, besteak beste.
Pilar Iparragirre Lazkano (Idiazabal, 1952) kazetari eta idazlea hil da. Zeruko Argian aritu zen, Eta baita haren ondorengotza jaso zuen ARGIAn ere. Egin egunkarian eta Punto y hora aldizkarian egin zuen lan, halaber. "Euskal kazetaritzan puntako izena", Xabier Mendiguren editorearen hitzetan, eta "euskal emakume kazetarien aitzindaria", Gara egunkariko Amaia Ereñagaren hitzetan.
Literaturazale porrokatua, 1988an Elkar argitaletxeak argitaratutako Hilerriko jolasak eleberria idatzi zuen, eta 1994an Felix Likiniano. Ezina ekinez egina (Txalaparta) biografia. Egin egunkariko Politika eta Iritzi sailetan aritu zen, Baltasar Garzón epailearen aginduz Guardia Zibilak egunkaria 1998an indarrez itxi zuen arte. 1998an, era berean, Deportación. El mal menor (Txalaparta) saiakera argitaratu zuen. Beste lan batzuk ere egin zituen. Esaterako, haur literaturako zenbait liburu itzuli zituen 80ko hamarkadan.
Ordutik aurrera askotariko elkarrizketak eta liburu kritikak idatzi zituen ARGIAn, besteak beste. Helbide honetan irakur daitezke. Sortzez goierritarra, Donostiako Parte Zaharrean bizi zen Iparragirre, auzoarekin harreman handia zuen eta bertako egitasmo askotan hartu zuen parte. “Auzoaren irudiaren parte bat zen”, Irutxuloko Hitzak jaso dituen Joseba Álvarez auzokidearen hitzetan. Iparragirreren argazki gutxi dago interneten. Bere heriotzaren berri emateko zabaldu den argazkia Parte Zaharreko auzokide eta lagun Jonpa Albisuren omenezko egitasmo bati babesa adierazteko egin zuen.