argia.eus
INPRIMATU
Pilar Garrido (Ahal Dugu-Aliantza Berdea): “Emaitza txarrak lortu ditugu eta hala aitortzen dugu”
  • Ahal Dugu izan da gaurko galtzaileetako: ez du ordezkaritza politikorik lortu. Inkestek iragartzen zioten aukera hori, baina baita eserleku bat edo bi lortzeko aukera ere. Azkenean ez du lortu eta alderdi moreak kolpe gogorra jaso du.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 22a

Miren Gorrotxategi, Pilar Garrido eta Juan López de Uralde atera dira lehenak hedabideen aurrean, alderdiko beste kide batzuen laguntzarekin. Alderdikideek txalo zaparrada handiarekin hartu dituzte. Podemos-Ahal Duguk ez du ordezkaritzarik lortu, aretoan tristezia agerikoa zen eta txaloekin elkar animatu dute.

Elkarrekin Podemos Aliantza Berdeak emaitza txarrak lortu dituela esan du Pilar Garrido idazkari nagusiak, eta hala aitortu behar dela. Garridok bakarrik hitz egin du agerraldian eta argi utzi du: “Bizitzan gertatzen den bezala, jakin behar da irabazten eta galtzen ere bai”.

Garridok azaldu du Ahal Duguren proiektua ezinbestekoa dela herri honetan beste politika batzuk eman daitezen eta alternantzia gauzatu dadin. Udaletan eta hiru herrialdeetako batzar nagusietan ordezkaritza instituzionala dutela eta gune horietatik lanean jarraituko dutela.

Laburra izan da agerraldia eta amaieran Miren Gorrotxategi lehendakaritzarako hautagaiak alderdiko hainbat kideren animoak eta besarkadak jaso ditu.