Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.
Guardia Zibilaren EAEko burua José Antonio Mingorance Sánchez jeneral andaluziarra da. 2023ko urtarrilean kargua hartzeko ekitaldian gogorarazi zuen Guardia Zibila "nafar batek, bizkaitar batek eta gipuzkoar batek" asmatu, bultzatu eta antolatu zutela. Eta, neurri handi batean, ez zitzaion arrazoirik falta.
1820an, Ahumadako lehen duke Pedro Agustín Girón militar donostiarrak, gerra ministro zela, proposatu zuen egitura militarreko Polizia bat sortzea baina "botere zibilaren zerbitzura" egongo zena. Proiektuak ez zuen aurrera egin, harik eta hamalau urte geroago bere semeak borobildu zuen arte. 1843an Isabel II.a Borboikoaren erregealdia hasi zen, 13 urte zituela. Espainiako Erresumako agintaldirik ustelenetakoa izango zen, eta hori ez da marka makala. Kargua hartu eta lau hilabetera, 1844ko martxoaren 28an, Milizia Nazionala desegin berritan, errege-dekretua sinatu zuen Guardia Zibilaren erakunde militarra sortzeko. Manuel Mazarredo Mazarredo Bilboko militar eta politikari liberalaren eskutik etorri zen proposamena.
Bi aste geroago, Francisco Javier Girón Ezpeleta, Ahumadako bigarren duke, aristokrata eta militar iruindarra izendatu zuten Guardia Zibilaren lehen zuzendari. Erroak espainiar kolonialismoan ondo sartuta zituen, aitaren aldetik Moctezuma II .a enperadore aztekaren ondorengoa zen eta Kubako kolono-buru bizkaitar baten iloba, besteak beste. Guardia Zibilaren antolaketaren ardura Gerra Ministerioak hartu zuen, eta ez alferrik.
Errazkinek dioen bezala, Guardia Zibila "erratz-auto moduko bat” bihurtu zen, han-hemenka sakabanatuta zeuden talde errepresiboetatik elikatu zen. Horien artean zeuden Arabako Miñoiak eta Nafarroako jendarmeen eskuadrak (gehienak txapelgorriz edo peseteroz osatuak, Lehen Karlistaldian aritutako tropa liberalak). 1845erako 7.140 guardia zibil ziren.
Euskararik gabe ezin guardia zibila izan
1844ko abenduan, sortu eta bederatzi hilabetera, Luis María Serranok, "Baskongadetako Guardia Zibilaren 12. tertzioko lehen koronel gefe-a [sic]" zenak, iragarki bat argitaratu zuen agenteak kontratatzeko asmoz. Ondoko hiru baldintzak idatzi zituen: “1) Irakurtzen eta idazten jakitea. 2) Gutxienez bost oin eta bi hazbete izatea infanteriakoentzat, 30 urte baino gehiago izatea eta jaiotzez bertakoa izatea eta haien hizkuntza jakitea. 3) Lizentzia absolutuetan nota txarrik ez izatea”. Hau da, Iñaki Errazkinek Guardia Incivil liburuan azpimarratu duenez, guardia zibila izateko bertako euskaldunak bilatzen zituzten, gutxienez 1,58 metroko altuerakoak eta seko ezdeusak ez zirenak. 2024ko maiatzean erabilera anitzeko espazio bat inauguratu zuten Gasteizko Komandantzian. Areto horri Luis María Serrano izena jarri diote. "Dokumentuen arabera, Euskadin zerbitzua eman zuen lehen Guardia Zibila" delako, haien esanetan.