Ikasle Abertzaleaek deiturik, greba eguna izan dute ostegunean Hego Euskal Herriko ikastetxe eta campusetan. Erreformei "aurre egiteko" eta "hezkuntza sistema sozialistaren beharra" agertzeko daude protestan. Hiriburuetan manifestazio jendetsuak egin dituzte eta Gasteizen Ertzaintzak 34 lagun atxilotu ditu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailaren arabera.
Ikasleek goizean goiz hasi dute mobilizazioa. Piketeak egin dituzte hainbat campus eta ikastetxetan, baita hainbat errepide moztu ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoko atarian zenbait gazte kateatu da. Gasteizko campusean, berriz, Letren fakultatean altzariak hautsi dituzte protestariek eta beste hainbat kalte eragin:
Iritsi da greba eguna eta piketeak hasi dira hainbat fakultatetan zehar. pic.twitter.com/VPN5i2ixGk
— HARA BA! (@hara_ba) March 24, 2022
Ertzaintza Gasteizko campusera azaldu denean jendea identifikatu eta gazte ugari atxilotu du, 34 lagun, Eusko Jaurlaritzaren segurtasun sailaren arabera.
Ikasle Abertzaleek deiturik 12:00etan batu dira Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen egindako manifestazioetan. Horietan jendetza bildu da, milaka, antolatzaileen arabera. Bilboko manifestazioan Ertzaintza ikasleei "oldartu" zaiela salatu dute antolatzaileek.
Milaka pertsona elkartu gara Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen egin ditugun manifestazioetan. Hezkuntza erreformen aurrean, hezkuntza sistema sozialistaren aldarria zabaldu dugu.#M24IkasleGreba pic.twitter.com/iU9bJtToUF
— Ikasle Abertzaleak (@IAbertzaleak) March 24, 2022
Arratsalderako elkarretaratzeak eta bilkurak deitu dituzte Ikasle Abertzaleek 13 herri eta hiritan 19:30ean, atxilotuei elkartasuna adierazi eta "EHUren erantzukizuna" salatzeko. Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan bilduko dira Iruñean Nabarrerian, Donostian Bulebarrean eta Bilbon Etxebarrieta Anaien Plazan.
"Antolakuntzarik ezean, dirudunek nahieran erabiliko gaituzte"
Bigarren Hezkuntzan –LOMLOE erreforma–, unibertsitateetan –LOSU erreforma– eta Lanbide Heziketan –Lanbide Heziketa Plana– abiaturiko erreformen kontra dira protestan. Hezkuntzak soluzio integrala behar duela aldarrikatzen dute: "Hezkuntza sistema sozialista eraikitzea da bidea". LOMLOE pentsamendu kritikoa garatzeko "ezein aukera ezabatuko" dituela salatu dute eta LOSU eta Bizikidetza Legearen bidez "etekin ekonomikoa bermatzen duten graduak bultzatu eta bestelakoak desintegratuko" direla.
Manifestazio amaieran aipatu erreforma horien kontrako hitzak izan dituzte: "Guk argi dugu erreforma horiek zuzen-zuzenean kolpatzen dutena langile klasea dela, hezkuntza prozesutik indarrez kanporatua izateraino". Horregatik mobilizatzeko unea dela iritzi dute: "Ez baitago aldaketarik antolakuntzarik gabe. Horretarako atera gara agur kalera: mobilizaziorik eta antolakuntzarik ezean, dirudunek nahieran erabiliko gaituztelako beraien interesak asetzeko".
Ikasle Abertzaleen ustez, greba egunean parte hartzearen garrantzia horretan datza: "Argi dugu posible dela beste hezkuntza bat eraikitzea, guztion ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoei gainjarriko diona: hezkuntza sistema sozialista"
EHUko errektoretza taldea: "Bizikidetzaren aurka egindako atentatuak dira"
Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretza taldeak oharra kaleratu du unibertsitateko campusetan izandako istilu eta ekintzak salatzeko. Azaldu duenez, "bereziki larriak" izan dira Arabako campusean: "Hormetan pintadak egin eta eraikin horietako batzuen altzariak txikitu dituzte".
Errektoretzak "aringarririk gabe" gaitzetsi ditu ekintza horiek eta gaineratu du gutxiengo batzuek bizikidetzaren aurka egindako indarkeria ekintzak" izan direla. Kalteak baloratzen ari dira "dagokion salaketa jartzeko eta erantzukizunak eskatzeko".