Pikatxu Detektibea pelikula bikoiztea onartu dute BIEUSE bikoiztaile euskaldunen elkarteko kideek, REC grabaketa estudioarekin esparrua arautuko duen hitzarmena bultzatzeko lortutako akordio bati esker. Bikoiztaileek euren egoera salatzeko plantoa egin zutenetik euskarara ekarriko den lehen filma izango da.
“Onarpen hau soilik enpresak hartutako erabakiak bultza du”, argitu du BIEUSEk; eta beraz, erabaki honek ez du esan nahi Zineuskadi programako filmak berriz bikoizten hasteko erabakia hartu dutenik. Izan ere, BIEUSEk uste du sektorearen egoeraren ardura Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarena dela.
Euskaraz bikoizten den ordu kopuruak urtez urte izandako beherakada eta lan baldintza geroz eta okerragoak salatzeko urtarrilean planto egitea erabaki zutenetik, zine aretoetan are murritzagoa da euskarazko eskaintza. Pikatxu Detektibea bikoiztuko dutela iragartzeko zabaldu duten oharraren amaieran elkarteak adierazi duenez, “bikoizten den ordu kopurua ez da aski lanbidea gutxieneko profesionaltasun batekin mantentzeko”.