argia.eus
INPRIMATU
Pikara Magazine: saretik paperera salto
  • Pikara Magazine aldizkari digital feministak papereko edizioa aurkeztu berri du. Urtebetean web-gunean argitaratu dituzten artikulu mamitsuenen bilduma da

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 12a
Aldizkariaren lehen alearen azala.

Lehenengo zenbakian, 2010eko udazkenetik 2011ko udazkenera bitarteko edukien aukeraketa egin, eta proiektuaren “esentzia” hobekien islatzen duten idazkiak batu dituzte. Besteak beste, erreportajeak, eztabaidak, eta irakurleen parte-hartzeak.

72 orrialdeko alea da, eta Internet bidez eta zenbait liburudendatan eros daiteke. Bost eta sei euroko prezioan, hurrenez hurren. Sortzaileen esanetan, “asko landutako maketazioa” dauka. Artikuluez ez ezik, ilustrazioak nabarmendu dituzte.

Paperean zertarako?

June fernandez Pikara Magazineko zuzendari eta ARGIAko kolaboratzaileak papereko edizioaren sorrera azaldu du. Dioenez, Interneten ibiltzen ez den jendearengana heldu nahi dute: “Ukitu, eraman eta ingurukoei erakuts diezaiekegun materiala nahi dugu”. Haren esanetan, argitaratutako aleak eduki “lesbianista, feminista eta giza eskubideen aldekoa” dauka.

Crowdfundigarekin aurrera

Orain dela hiru urte sortu zuten Pikara Magazineren edizio digitala, eta geroztik, kazetaritza genero ikuspegitik egin dute. Orain, paperean argitaratzeko crowdfunding proiektua abiatu dute, Verkamiren bidez. 2.950 euro lortzea zen hasierako asmoa, eta jada 4.410 jaso dituzte. Hala, kalean dira aldizkariaren lehen aldeak.

Dena den, diru-bilketak aurrera darrai; izan ere, 4.500 euro lortuz gero, era autogestionatuan kudeatu ahalko dute hedabidea. Bigarren helburua, beraz, langileen soldatak ordaintzeko adina biltzea da.

Hainbat diru-laguntza mota eman daitezke, 5 eurotik hasi eta 250 eurora arte, beti ere norberaren nahiaren arabera. Diru kantitate bakoitzaren arabera, produktu sorta bat ematen diote laguntzaileari.