argia.eus
INPRIMATU
‘Pikara Magazine’ aldizkariaren egoitzari pintada matxistak egin dizkiote beste behin
  • Laugarren aldia da genero biolentzia badenik ukatzen duten mezuekin erasotzen dituztela. Hedabideko erredakzioko kideak ere iraindu dituzte.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 14a
Pikararen erredakzioan pintadak. Argazkia: Pikara

Astelehen honetan, 'Pikara Magazine'ren erredakzioa pintada matxistekin agertu da berriro. Laugarren aldia da 2020an Bilbon egoitza duen aldizkariaren aurka mota horretako erasoa gertatzen dela.

Pintadek “biolentziak ez du generorik” eta "Sorosen putak" bezalako irain misoginoak adierazten dituzte. Azken horrek George Soros enpresari hungariar milioidunari egiten dio erreferentzia, zeina zirkulu neofaxistetan mugimendu feministaren finantziatzailetzat jotzen den.

Horrez gain, “charos” iraina darabilte oraingoan: "Charos kanpora gure auzoetatik" eta "Ok, Charos", diote. Irain matxista berri hori “feminitatearen aginduak betetzen ez dituzten emakume horien aurka mespretxagarria izan nahi duen deitura” dela azaldu du Pikarak.

“Prentsa askatasunaren aurkako erasoa” izan dela azpimarratu du Pikarak bere web orrialdean, eta euren jardueraren zilegitasunean berretsi dira.

Pintadak Faktoria Lila egitasmoaren aurreko egoitzan (kale berean dago) ere egin dituzte.