argia.eus
INPRIMATU
Pierre Webók “aski da” esan du, Txapeldunen ligako epaile batek azalaren koloreagatik identifikatu duelako
  • Zeresan handia eragin du astearte gauean gizonezkoen futboleko Txapeldunen Ligan gertatu denak: epaile batek Istanbulen talde teknikoko Pierre Webó bere azalaren koloreagatik identifikatu ostean iskanbila piztu da, Paris Saint-Germainen aurka jokatzen ari ziren partidua bertan behera geratzeraino.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 09a
Pierre Webó Osasunako jokalari ohiak haserre erantzun zion PSG-Istanbul partiduko laugarren epailearen iruzkin arrazistari (argazkia: EFE).

Istanbulgo gizonezkoen futbol taldeko jokalari guztiek partiduaren erdian zelaia utzi zuten astearte gauean. Arrazoia: arrazakeria. Paris Saint-Germain taldearen kontra Txapeldunen Ligako partidua jokatzen ari ziren, laugarren epaileak talde turkiarreko talde teknikoko kide bati buruz iruzkin arrazista bat esan zuenean.

Partiduaren 20. minutua zen, markagailua berdinduta zegoen eta epaile nagusiak, Ovidiu Alin Hategan errumaniarrak, PSGren aldeko falta adierazi zuen. Erabaki horren kontra protesta egin zuen Istanbulgo taldeko entrenatzailearen laguntzaileetako batek, Pierre Webó kamerundarrak –Osasunaren zaleak gogoratuko dira berarekin, urtetan gorritxoen elastikoarekin jokatu baitzuen–. Laugarren epaileak ekintza horren berri eman zion epaile nagusiari. Protestaren egilea “beltza” izan zela adierazi zion eta Webó haserre bizian jarri zen, baita ordezkoen aulkian zeuden haren taldekideak ere.

Laugarren epaileak azaldutakoaren arabera, ez zuen “beltza” esan, “tipo beltza” baizik (“black guy” ingelesez), baina azalpenak ez zituen Istanbulgo jokalariak konbentzitu: Webóren taldekideek uste dute laugarren epaileak azalaren kolorea erabili zuela identifikatzeko. “Zergatik ez diozu ‘tipo zuria’ deitzen jokalari zuri bati?”, galdetu zioten, sututa.

Gertakariak guztiz baldintzatu zuen asteartean jokatzekoa zen partidua. UEFAko ordezkariak egoera baretzen saiatu arren, bi taldeetako jokalariek partidua bertan behera uztea erabaki zuten eta aldageletarako bidea hartu zuten. Asteazken honetan jokatuko da geratzen den partidua.