Duela hogei urte Claude Erignac Frantziako prefetaren hilketaren komandoaren parte izatea leporatu zioten. Orain, zaintza-neurri zorrotzak bete beharko ditu urtebetez. Eric Barbolosi Alessandriren abokatuak adierazi du erabakia "legea eta zuzenbidea hertsiki aplikatzearen ondorioa" dela. Erabakiak Korsika eta Frantziako Gobernuaren arteko elkarrizketak erraztu ditzake.
Pierre Alessandri preso korsikarra urtebeteko frogaldiarekin U Borguko uharte-kartzeletik aterako da. Duela 20 urte Claude Erignac prefeta hil zuen komandoaren parte izatea leporatu zioten.
Jakes Esnal, Ion Parot eta Xistor Haranburu euskal presoekin gertatu zen bezala, froga epe bati ekin beharko dio: zaintza-neurri zorrotzak bete beharko ditu urtebetez. Parisko prokuradore nagusiak, Remy Heitzek, hamar urterako baldintzapeko askatasuna izango duela adierazi du komunikatu baten bidez.
"Jakina, lasaitasun handia da", azaldu dio Eric Barbolosi Pierre Alessandriren abokatuak AFP agentziari. Erabakia "legea eta zuzenbidea hertsiki aplikatzearen ondorioa" dela argitu du abokatuak. "Lehen aldiz, Dei Auzitegiko magistratuek baldintzapeko askatasun bat zuzendu behar duten irizpideak zehaztu dituzte", gehitu du Barbolosik.
Ghjuvan Filippu Antolinik, Patriotti preso ohien kolektiboaren bozeramaileak, Corse Net atariari adierazi dio "oso pozgarria" dela berria, nahiz eta Frantziako legearen gutxieneko aplikazioa soilik izan. Herri mobilizaziorik gabe "ezinezkoa" izango dela ere azpimarratu du bozeramaileak.
Erabakia Erignak prefetaren heriotzaren 25.urtemuga baino egun batzuk lehenago gertatu da, eta Alesandrirekin batera atentatuarengatik kondenaturiko Yvan Colonnaren heriotzatik hamar hilabetera.
Ferrandiren kasua
Komando bereko kide izatea leporatuta kondenatu zuten Alain Ferrandi presoaren inguruan otsailaren 23an hartuko dute erabakia epaitegiek. Ferrandi ere U Borgun dute preso, eta bizi osorako kartzela-zigorra jaso zuen.
Ferrandi eta Alesandriren baldintzapeko askatasun irteera blokeatzeko Fiskaltza Antiterroristak hartutako erabakiak, maila politikoan, uharteko agintariek Frantziako Gobernuarekin elkarrizketa pizteko oztopo bihurtu dira. Alessandriren kasuak Ferrandirentzako antzeko irtenbide bati ateak ireki ahal dizkio. Alessandriren inguruko erabakiaren testuinguruan jakinarazi du Gérald Damanin Frantziako Barne Ministroak otsailaren 6an uhartera joango dela, "errepublikako presidenteak eskaturik". Bertan, Erignac prefektua oroitzeko ekitaldian parte hartuko du.