argia.eus
INPRIMATU
Piarres Xarriton hil da, mende bateko ikuspegia galdu du euskal kulturak
  • Piarres Xarriton idazle eta euskaltzaina hil da ostiral honetan. 96 urte zituen eta bere ibilbidea errepasatuta, mende baten perspektiba galdu du Euskal Herriak.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2017ko martxoaren 17a
Xarriton (eskuinean) Pierre Laborderekin 2001eko Sarako idazleen biltzarrean (argazkia: Auñamendi).

Hazparnen sortua 1921ean, sei anai-arrebaren artean zaharrena izan zen Piarres Xarriton. Hazparnen bertan egin zituen lehen ikasketak, haiei buruzko oroitzapen onegirik ez zeukan arren.

Gazte-gaztetatik erabaki zuen erlijio-bizitzari ekitea eta 1935erako Uztaritzeko seminarioan zegoen, non giro atseginagoa aurkitu zuen Hazparnekoaren aldean. Besteak beste, Piarres Laffite ezagutu zuen han, ordurako euskal kulturan aski ezaguna zen pertsona. Garai hartan ekin zion euskal klasikoak irakurtzeari ere, besteak beste Oihenart, Jaurgain eta Campion.

21 urterekin dagoeneko Miarritzen duzu irakasle eta urtebete geroago Hazparnen. Garai gogorrak ziren Euskal Herrian, 36ko Gerratik ihesean joandako jende ugari ezagutu zuen Xarritonek, baita naziengandik gordetzen ari ziren beste asko ere. Eta etxean horietako batzuei lagundu zieten, Russel Kirby ingelesari adibidez, zeina gordeta eduki zuten zenbait hilabetez.

II. Mundu Gerraren ondoren Erromara joan zen Teologia ikastera eta ondoren, 1947an, apaiz izendatu zuten. Lan horretan ari zen bitartean bihurtu zen euskaltzain.

Intelektuala eta eragilea

1960ko hamarkadan utzi zuten bere esku Hazparneko eskolaren ardura, Langintza eskola plantan ezartzeko ardurarekin. Horretan ari zela ezagutu zituen Jose Luis Alvarez Enprarantza “Txillardegi” eta Kristiane Etxaluz, besteak beste.

1970eko hamarkadaren erdialdean hartu zuen ondorengo urteak markatuko zituen erabakia: eliza utzi eta ezkondu egin zen. 80ko hamarkadan bukatu zuen Euskal Ikasketetan abiatua zuen doktoretza, Piarres Broussaini buruzko tesi batekin. Euskaltzaindian ere kide izan zuen Jean Haritschellar izan zuen tesi-zuzendari.

Politikan Eusko Alkartasuneko kide gisa nabarmendu zen, 1988ko hauteskundeetan hautagai izateraino.

Irakasle eta euskaltzale gisa egindako lanaz gain, Xarritonek hainbat saiakera utzi ditu idatzita, baita agerkari ugaritan publikatutako testuak ere, hala nola, Aitzina, Gazte Herria, Etchea eta Euskaldunon Egunkaria. Bestalde, berari esker bildu ziren Jean Etxepare medikuaren lanak, pieza arrunt bitxia euskal literaturaren historian.

Intelektual handi bat galdu du ostiral honetan euskarak eta Euskal Herriak.