argia.eus
INPRIMATU
Piarres Xarriton eta Jean-Michel Guilcher: agur jaunak!
  • Euskal Herriak berrikitan galdu ditu bi maisu. Biek kurritu, miatu eta maitatu dute gure herria, bakotxak bere gisara. Biak unibertsalistak eta tokian-tokikoak ziren. Piarres Charritton eta Jean-Michel Guilcher.

Xabier Itzaina Laborari 2017ko apirilaren 10a
Jean-Michel Guilcher etnologo bretainiarra, 102 urterekin hil berria. (Argazkia: Dantzan)

Piarres Charritton, euskaltzale amorratua zen eta, oroz gainetik, hazpandarra. Maiz solastatu eta entzun dutenak orroit dira edozoin gai aipaturik ere, izan zedin Elizaren doktrina soziala, eskualtzalegoaren ixtorioa edo gramatika arazo bat, memento batean Hazparneko etxe haundi eta ttipien genealogiari buruzko xehetasunak aterako zirela. Hazpandar unibertsalista.

Jean-Michel Guilcher aldiz, bretoindarra zen, 1914an sortua, eta bere erroek zuten dudarik gabe dantzaren etnologia eta historiara bideratu. Bretaña-Apaleko dantzer buruz egin zuen bere lehen ikerketa nagusia, geroxago Euskal Herriari eta Biarnoari lotu aintzin.

Bakotxak bere betaurrekin behatzen zuen gure herria. Charritton-ek hizkuntza eta euskal literatura, Elizaren ixtorioa (beha Eliza eta herri eskubideri buruz egin zuen tesia), euskaltzalegoaren historioa (ikusi Broussain hazpandar – alabainan – auzapez euskaltzaleari buruz egin zuen bigarren tesi ederra). Guilcher aldiz dantzaren bidez zen sartu gure herri eta etxetan. Lehendabizik 1960 urteetan Luhuso-Makea inguruan, eta frango fite Ipar Euskal Herri osoan, Biarnoan eta Baztanen. Alabainan, Xiberuan zuen denbora gehienik pasatu, zango arinen piko bihurrien barrandan. Eta bere burua onhartarazi zuen dantzari “sabanten” artean, etzelarik aintzinetik irabazia.

Biek ezagutu zituzten ere enegu zonbeit beren ideien plazaratzeko tenorean. Charritton-ek Erromako Elizarekin izan zuen auzi luze bat, bainan bertze Eliza batzuekin ere. Orroitzen niz nola Hendaian, Aberri egun batez, 1990an naski, mugan iragan kalapitatik landa Charritton mintzatu zela, eta nola xixtukatu zuten batzuk, eta xixtulariak etzirela ustezko etsaiak. Guilcher-ek, ikerlari bezala, erakutsi zuen “tradizionalak” deituak ziren dantzak nahasketa historikoak zirela, dantza berean aurkitzen zirela Bretañako doinu zahar bat, bainan baita ere Parisen XVIII. mendean modan zen kantu bat, edo Inglaterratik jin kontrapas bat, eta abar. Eta eraginen nahasketaren azpimarratzea batzuk etzioten barkatu, sustut Bretañan. Azken urte hotan ahatik omenaldi bakar batzu bihurtu ziozkaten. Guilcherek mitoetan etzuen sinesten, baizik eta frogetan. Lekukotasun bakar bat etzitzakon aski hipotesi baten mamitzeko.

Biek, azkenik, gizarte zientzien bertze garai bat irudikatzen zuten. Ikerketa luze eta sakonen garaia, berehala “baliagarriak” eta “errentableak” etzirenak. Behar den denbora hartuz. Bretañan, Guilcher-i gertatzen zitzakon egun pasa laborariekin lanean aritzea kanpo horietan, gero afari denboran dantza solasetan menturatu aintzin. Bertze mundu bat. Bata bai bertzeak beren lanak unibertsitatearen bazter-bidetan ereman zituzten, ahal haundirik gabe, bainan beren balore eta xedeak sekula ukatu gabe. Agur Jaunak.

Jean-Michel Guilcherren liburuetako bat Euskal Herriko eta Biarnoko dantzez.
Jean-Michel Guilcherren liburuetako bat Euskal Herriko eta Biarnoko dantzez.