argia.eus
INPRIMATU
Piarres Lartzabalen Herriko Bozak obra taularatuko dute Donapaleun, igandean
  • Iduzki Lore taldeak Piarres Lartzabal antzerkigilearen Herriko Bozak obra taulatuko du Donapaleuko zineman; igande honetan, arratsaldeko 4etan. Anartean, Otsail egunak hitzaldi zikloa prestatzen ari dira Amikuzeko hiriburuan.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2020ko urtarrilaren 24a

Herriko Bozak antzerkia Piarres Lartzabalen “komedia” ezagunena omen da. Bere obra guzietatik gehien taularatua. 1960ko hamarkadan sortua eta plazaratua izan zen, alta, oraindik ere ozen heldu da ikus-entzuleengana.

Azkaineko apaizak Ipar Euskal Herriko politikagintzako xuri” eta “gorri-en arteko istorio gatazkatsuak kontatu zituen. Aldi berean, politikaren aitzakian, genero irringarria izanagatik, antzerki obrak herritarren arteko amodio ezinezkoak azaleratzen ditu.

2020ko martxoan herriko hauteskundeak izanen dira Iparraldean eta orobat Frantzian. Iduzki Lore taldeak, “gure herrietan bozen urtea dela kari begi keinu polita egin nahi diote herritarrei.

Iduzki Lore-ko antzerkilariek Maika Etxekopar taula zuzendariaren laguntzaz berritu dute Piarres Lartzabalen obra.  

Bestalde, hona Zabalik elkarteak iragarritako Otsail egunak hitzaldi sorta.

Otsailaren 6an: Aljeriako gerla euskaldunen memorian. Hizlariak: Piarres Aintziart, Xipri Arbelbide eta Jean Louis Davant.

Otsailaren 13an: Leiho hormatua; sorginkeria prozesu bat Amikuzen 1370. Urtean. Hizlaria: Ander Berrojalbiz.

Otsailaren 27an: Komunitatea hats-bahiturik; euskal komunitateak zerendako sufritzen duen, lekuko bati esker, ulertzeko giltzak.

Hizlaria : Ainize Madariaga.

Otsailaren 20an: Euskararen haurride, lehengusu eta askaziak.

Hizlaria: Eñaut Etxamendi.