argia.eus
INPRIMATU
COVID-19aren aurkako lehenbiziko txertoak urtea bukatu baino lehen jarriko dituzte Hego Euskal Herrian
  • Europar Batasuneko herrialdeek abenduaren 26rako lehen dosien banaketa egina izatea espero dute, abenduaren 27an txertoak jartzen hasteko. 

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 23a

Europako Batzordeak abenduaren 21ean baimena eman du BioNTech laborategi alemaniarrak eta Pfizer laborategi estatubatuarrak sortutako COVID-19aren aurkako txertoa merkaturatzeko. Europako Botika Agentziak baimenduta, konpainiak dosia banatzen hasi ahal izango dira eta ondo bidean, abenduaren 26an batasuneko kiden diren estatuek txertoa beraien herrialdean izan ahalko dute. Lehen dosiak abenduaren 27an hasiko dira jartzen. 

Europako Botika Agentziak egindako adierazpenetan, ordea, garbi utzi dute lana ez dela hemen amaitzen. "Informazioa biltzen, eta txertoaren segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko datuak aztertzen jarraituko dugu, Europar Batasunean txertoa jasotzen duen jendea babesteko", adierazi dute. 

Emer Cook Sendagaien Europako  Agentziako zuzendariak jakinarazi duenez, "gaur egun ez dugu frogarik pentsatzeko txerto honek ez duela COVID-19aren aurka funtzionatuko". Txertoa eraginkorra dela frogatu da 16 urtetik gorako gizabanakoentzat. Beraz, txertoa emateko muga hori izatea espero da. Immunizazio osoa lortzeko, bi injekzio beharko dira, inokulatuak, bien artean gutxienez 21 eguneko tartea utzita.

Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrira ere abenduaren 27rako irirtsiko dira lehen dosiak. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du oraindik ez dakitela zehazki zenbat txerto jasoko dituen EAEk lehen banaketan.

Nafarroako Gobernuak berriz, abenduaren 18an azaldu zuen Espainiako Osasun Ministerioarekin elkarlanean ari direla dosiak behar bezala kontserbatzeko estrategia garatzen. Abenduaren 28a, datorren astelehena, izango da txertaketarekin hasteko eguna Hegoaldeko lau herrialdeetan.