Meatzaldea Bizirik taldeak “aire garbia arnasteko eskubidea” defendatuko du larunbatean Abanton (Bizkaia) egingo den manifestazioan. Las Carreras auzoko Haritzalde plazatik abiatuko dira eguerdiko 12etan, eta Petronorreko ateraino iritsiko dira.
Deialdia egiteko zabaldutako agirian, Meatzaldea Bizirik-ek gogorarazi du ia urtebete igaro dela azken mobilizazioa egin zutenetik, eta egoera ez dela hobetu ordutik hona. Denbora tarte horretan gutxienez 44 gertakari izan direla aipatu dute, “horietatik zazpitan hauts zuri, gris edo beltza isuri da Muskizen, Abanton edo Zierbenan”.
Iazko ekainaren 21ean, Muskizko San Julian auzoan koke errauts isuria izan zen. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak espedientea ireki du Petronorren aurka, ustez Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ez betetzeagatik. Hain zuzen, enpresak zigor bat jaso dezake findegian izandako arazoaren berri berehala ez emateagatik. Hutsegite larria litzateke hori, IBBren arabera.
“Hamaika aldiz kexatu ostean ireki dute espedientea”, adierazi du Meatzaldea Bizirik-ek, “urrats bat da, baina beste kasu askotan enpresak esaten du ez dakiela ezer, edo gertakaria ukatzen du, edo oso berandu onartzen du”.
Elkartearen ustez, ematen du Petronor ez dela gai arazorik sortu gabe funtzionatzeko, eta gainera ez du arazo horiez informatzen. “Zoritxarrez, bertako bizilagunok gara, 112ra egindako deien bitartez, enpresaren eta ustez gu babesteko ardura duen administrazioaren erreakzioa eragiten dugunok”.