argia.eus
INPRIMATU
Petronorren greban dauden langileen aurka oldartu da Ertzaintza
  • Ekainaren 11tik 20ra greban daude Petronorreko langileak, zuzendaritzari Aldi Baterako Enplegu Erregulaziorako Espedientea erretira dezala exijitzeko. Mobilizazio egutegi indartsua antolatu dute langileek eta Bilboko beste hainbat enpresen borrokekin bat egiten ari dira ekimenetan. Ekainaren 15 goizean ertzaintzak Muskizko findegiaren aurrean piketea egiten ari ziren langileen aurka egin du. Zuzendaritzak ekainaren 14rako negoziazio mahaira deitu zituen langile ordezkariak.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 15
Argazkia: Petronorreko langileek Naiz hedabidera bidali duten bideotik hartua.

ESK sindikatuak azaldu duenez, "argi geratu zaigu zuzendaritza ERTE expedientea aplikatzera daraman arrazoiak ez direla, haiek dioten bezala, produkzioari eta antolaketari lotuak". Salatu dutenez, "modu desordenatuan, mugatu egiten dira kolektibo baten oporraldiak, eta ez dira hitzemandako kontratazioak betetzen nahiz eta onartzen duten datozen jubilazioak aurreikusi behar direla edo ezagutza indizea handitu behar dela".

Hauek dira greban dauden langileen eskaerak: akordioak betetzea, Petronorreko zuzendaritzak planteatu duen Aldi Baterako Enplegu Erregularizaziorako Espedientea erretiratzea eta trantsizioa arduraz eta sozialki modu justuan egitea.

Petronorreko langileek Naiz hedabidera bidali duten bideoan ikusten da nola oldartu zaien ertzaintza ekainaren 15 goizean elkarretaratzea egiten ari ziren langileei. Langileetako bat atxilotuta eraman dute polizia etxera.

Argazkia: Petronorreko langileek Naiz hedabidera bidali duten bideotik hartua.
Gasteizera martxa eta beste enpresekin mobilizazio bateratuak

Egunero 6:00etatik 17:30etara elkarretaratzea egiten dute Muskizko findegiaren aurrean, eta goizaldeko ordu horretan piketea ere bai. Ekainaren 15 goizaldera Gasteizera martxa abiatu dute Petronorreko langileek: ekainaren 17an Eusko Legebiltzarrera iristea eta Lan eta Enplegu komisioan hitzartzea egitea dute helburu.

Ekainaren 18an Bilbon manifestazioa egingo dute greban dauden enpresa hauek elkarrekin: Petronor, Tubacex, PCB eta Bilboko Argiak. Eta ekainaren 15ean mahai-ingurua egin dute enpresa hauetako kideek.

Ekainaren 11n greba hasi zutenean egin zuten elkarretaratzea. Argazkia: @ikerccooeus