argia.eus
INPRIMATU
Petronorreko lan baldintza txarrak salatu dituzte larunbatean langile bat hil ostean
  • Muskizko Petronorrek azpikontratatutako Masa enpresako Antonio Benito Anido hil da findegiaren funtzionamendu orokorra aztertzeko etenaldian. Lan erritmo altua eta lanaldi luzeak –hamabi ordukoak– azpimarratu ditu langile batzordeak larunbateko heriotzaren harira.

Axier Lopez @axierL 2017ko otsailaren 14a

Petronorrek eman dituen azalpenen arabera, gaueko txandan lanean hastear zela hil zen langilea, lanarekin lotura ez duten arrazoi naturalengatik. Fabrikaren funtzionamendua aztertzeko egindako etenaldian 1.000 langile aritu ziren eta azpikontratatutako 55 enpresa.

2017an adostutako ordutegia eta lanaldien luzera Petronorreko zuzendaritza ez direla errespetatzen ari salatu dute langileek. "Egia da lortu dugula hamabi orduko atsedenaldiak egitea, baina era berean egia da ohiko lanaldiak ere hamabi ordukoak direla. Industriako lan arriskutsuetan dagoen tentsioak eta ahalik eta azkarren lana amaitzeko beharrak, batzuetan horrelako ondorio larriak eragiten dituzte".

Azken urteotan, antzeko egoeretan, lau lankide hil direla gogorarazi dute. Denek zortzi ordutik gorako lanaldia zutela adierazi dute. Etenaldietako lanak oso prekarioak direla azaldu dute, "ez dago lanera huts egiterik ezta medikuarenera joateko ere, eta gaixotuz gero are okerragoa da, oso litekeena da berriz langile hori ez kontratatzea".

Enpresa-batzordeak eta azpikontratatutako enpresetako ordezkariek 24 orduko dolu-eguna antolatu dute gaurko.