argia.eus
INPRIMATU
Petronorreko isuriak inguruko faunan eraginak izan dituela salatu dute
  • Petronor enpresak larunbat goizean informatu zuen Muskizen petrolio isuri bat izan zuela. Isurketa Barbadun ibaira iritsi zen hodi bateko zulo baten ondorioz. Inguruko faunan eraginak izan dituela salatu dute zenbait elkarte ekologistek.   

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 16a
Sukar Horia talde ekologistak zabaldu du herritarrek bidali dioten bideoa: petrolioz zikindutako dortoka garbitzen ageri dira bertan.

Otsailaren 13an, Muskizeko Petronorren instalazioek petrolio isuri bat izan zutela konturatu ziren, Barbadun ibaian zikingune bat aurkitu zutenean. Hodi bateko zulo baten ondorioa izan dela adierazi zuen larunbatean bertan Petronorrek. Konpainiaren arabera “berehala, beharrezko kontrol-neurriak ezarri dira, produktuak ibaira ez iristeko”, baina  Ekologistak Martxan elkarteak komunikatu baten bidez gardentasun falta salatu du. Isuriak izan duen ingurumen-inpaktua ezagutzen ez dela eta ebaluaketarik egin ez dela azpimarratu du. Azalpenak ematea eta erantzukizuna bere gain hartzea eskatu die Petronorri, URAri (Uraren Euskal Agentzia) eta Ingurumen Sailari. “Ez da gertatzen den lehen aldia”, adierazi du elkarteak eta berriro gertatuko ez dela ziurtatzeko neurri zehatzak eskatu ditu.

Sukar Horia kolektibo ekologistak, isuriak inguruko faunan ondorioak izan dituela salatu du sare sozialetan eta Muskizeko auzokide batzuek grabatutako bideo bat zabaldu dute. Bertan, petrolioz zikindutako dortoka bat garbitzen ari dira: