argia.eus
INPRIMATU
Petronorreko emisioen kontrolak “lasaitzea” leporatu dio Podemosek Jaurlaritzari
  • Petronorren funtzionamendu txarrari –“programatu gabeko 70 geldialdi eta kontrolik gabeko hainbat hauts emisio azken urte bietan”– Jaurlaritzak behar bezalako erantzunik ematen ez diola eta, areago, findegiaren emisioen kontrolerako irizpideak leundu dituela esan du Eusko Legebiltzarrean Elkarrekin Podemoseko Jose Ramon Becerrak. Gobernuak Petronorri “tratu berezia” ematen ote dion ere galdetu dio Arantza Tapia sailburuari.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko azaroaren 17a
Jose Ramon Becerra Equoko kide eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. (Arg.: Equo)

Aireko kutsadura izan da gai aipatuenetako bat Eusko Legebiltzarraren gaurko kontrol saioan. Jose Ramon Becerrak Petronorren jarduerarekiko eta haren ondorioekiko Jaurlaritzak agertzen duen zorroztasun txikia kritikatu du, hiru sailbururi (Ekonomia Garapena, Ingurumena eta Osasuna) egindako galderen bidez. Horrez gain, EH Bilduko Mikel Oterok Iñaki Arriola Ingurumen sailburuari galdetu dio airearen kalitatea neurtzeko kabina-sarearen gabeziez, Durangaldean izandako irregulartasun batzuk direla eta.

Petronor: ate birakariak eta kontrol eskasa Podemosen esanetan

Becerrak ArantzaTapia Ekonomia Garapen sailburuari galdetu dio ea Jaurlaritzak pribilegiozko tratua eskaintzen dion Petronorri. Azken urteetan izandako aurreikusi gabeko geldialdi ugarik eta bizilagunek salatutako hauts emisioak aipatu ditu Equoko kideak; Tapiak, berriz, erantzun dio findegiaren inspekzio guztiak modu egokian eta garaiz egin dituela Jaurlaritzak, eta Petronorrek bere betebehar guztiak bete dituela orain arte.

Becerrak, orduan, Jaurlaritzako zenbait kargu ohik –EAJkoak denak– Petronorrekin dituzten loturak aipatu ditu: batetik Jose Ignacio Zudaire Industria sailburu izandakoa; bestetik, Javier Balza Barne sailburu ohia; eta hirugarrenik, Pilar Urrutikoetxea, EVEko zuzendaria iazko abendura arte. Tapiak erantzun du Zudairek duela asko utzi zuela Jaurlaritza, eta Balza eta Urrutikoetxea ez direla Petronorreko langileak. Balza, izatez, findegiarentzat lan egiten duen Uria Menendez bufeteko abokatua da, eta Urrutikoetxeak aholkularitza lanak egiten ditu.

Iñaki Arriola sailburuari galdera egiteko tartean, Jose Ramon Becerrak esan du Ingurumen Sailak kontrolerako protokolo batzuk –esaterako, zenbait substantzia kutsatzaileren neurketa– kendu dituela azken urteetan, 2016an sail berak egindako txosten batek aitortu arren Petronorrek ez dituela betetzen Ingurumen Baimen Bateratuak ezarritako zenbait baldintza. Kontrolerako sistema nolakoa izan behar zen Petronorri berari proposatzeko eskatu izana ere leporatu dio Podemosekoak gobernuari. Airearen kalitatea neurtzeko enpresaren inguruan dauden lau kabinetatik Petronorrek jarritakoak direla gehitu du: “Giltza haiek baino ez dute”.  

Kutsadura neurtzeari uzten dioten kabinak

Arriolak ukatu du kontrola ahuldu denik, eta Petronorren jarduera behatzean estandar guztiak betetzen direla esan du. Antzera erantzun dio geroxeago Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideari, hark galdetu dionean EAEko airearen kalitatea neurtzeko sistemaren gabezien aurren Jaurlaritzak zer egiteko asmoa duen. Oterok esan du estazioen heren batek behar baino datu portzentaje txikiagoa jaso zuela 2016an, Ekologistak Martxan taldeak urtero egiten duen txostenaren arabera. Substantzia guztien kasuan neurtutakoaren batez bestekoa %90etik gora egon dela ihardetsi dio Arriolak.

Azkenik, aireko kutsadura datuek gora egiten dutenean kabinek, oso maiz, neurtzeari uzten diotela adierazi du Mikel Oterok, eta adierazi du edozein kasutan legediaren barruko balioak izateak ez duela bermatzen osasunerako babesa; izan ere, konposatu gehienen kasuan europar araudiak baimentzen dituen kutsatzaileen kopuruak Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioetatik gora daude.

Petronor eta osasun-mapak

Jon Darpon Osasun sailburuarentzat izan da Jose Ramon Becerraren azken interpelazioa. EAEko hainbat mapa erakutsi ditu Equoko kideak, zenbait gaitz larriren intzidentzia Muskizen eta inguruan EAEko batez bestekoa baino dezente altuagoa dela erakusten dutenak. “Ez dut gauza bien arteko lotura egingo, datuak erakutsi baino ez; lotura dagoen aurkitzea zure sailaren lana da”, esan dio Becerrak Darponi.

Hark erantzun dio mapa horiek ondo ezagun dituela eta faktore askorengatik sor daitezkeen gaixotasunen intzidentzia enpresa jakin baten jarduerarekin lotzen saiatzea ez dela zientzia, “parlamentarismo merkea” baizik.