"Petronor eta Repsol dira Euskadin eta Espainiako Estatuan hurrenez-hurren CO2 gehien isurtzen duten konpainiak", salatu du Greenpeacek. "Gisa honetako ekitaldiak baliatzen dituzte haien irudia garbitzeko".
Igandean Zierbenan jokatu den Eusko Label Ligako 'Petronor Bandera' estropadan zabaldu du talde ekologistak Stop greenwashing. Petronorrek kirola zikintzen du mezudun pankarta.
"[Petronorrek eta Repsolek] klima aldaketa eragiten eta larrialdi klimatikoan aktiboki laguntzen dute, euren irudia garbitzeko era guztietako ekitaldiak erabiltzen dituzten bitartean", adierazi du Ana Parallé Greenpeaceko ekintzaileak. "Eskaera argia da, Petronorrek alde batera utz ditzala erregai fosilak, baita bere jardun kutsatzaileaz engainatu eta benetako ekintza klimatikoa geldiaraztea beste helbururik ez duten publizitate-praktikak ere". Gaineratu du erregai fosilekiko dependentzia "izugarri altua" dela Euskal Herrian eta, hala ere, energia-enpresa nagusiak jasangarritasun irudia ematen saiatzen direla, horretarako baliatuz besteak beste kirol ekitaldiak.
Publizitatea debekatzeko eskaera
Greenpeacek gogorarazi du Erresuma Batuan debekatu egin dutela petrolio-enpresen publizitatea paratzea kalean edota hedabideetan, baina Espainiako Estatuan oraindik ez dagoela antzerako legerik "enpresa horiei irudia garbitzen jarraitzea galarazteko". Hori horrela, erakunde ekologistak eskatu du klima-larrialdietan gehien laguntzen duten enpresen mota guztietako publizitatea debekatzea, tabakoaren industriarekin egin zen bezala.