argia.eus
INPRIMATU
Petronorrek ia ez du zergarik ordaintzen, ELAk salatu duenez
  • Petronorren emaitza-kontuetatik datu hauek azpimarratu ditu ELA sindikatuak: 2019an 135 milioi euroko etekinak izan zituen Petronorrek, Sozietateen Zerga ordaindu aurretik. Baina Sozietateen Zergan 0 euro ordaindu zuen. "Areago, ez ordaintzeaz gainera 7 milioi euro jaso zituen Ogasunetik. Beraz, Sozietateen Zerga ordaindu osteko etekina 142 milioi eurokoa izan zen".

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 17a
Argazkia: eitb.

ELA sindikatuak azaldu duenez, Sozietateen Zergarekin dirua irabazi izana "ez da datu oker bat. Egoera hau ez da ulergarria, baina posible da zerga-araudiak abantaila mordo bat ematen dielako enpresa handiei, horrela hauek ingenieritza fiskal ariketak egin ditzaten, gizarte demokratiko batekin ezkongarriak ez direnak". Eta araudia nortzuk egiten dute? galdetu du sindikatuak: "Petronorreko buruekin argazkian ageri diren horiek. Hortaz, botere politikoa eta botere ekonomikoa elkar hartuta daude Petronorrek eta beste enpresa batzuek etekinei lotutako zergarik ordain ez dezaten".

 

Petronorrek tokiko zergetan 14 milioi euro ordaindu zituen eta dirulaguntza publikotan 38 milioitik gora jaso zuen.

 

"Zergak ez ditu enpresak ordaintzen, beharginek baizik"

ELAk zera ohartarazi du: "Petronorren ekarpena aipatzen denean litekeena da gogoan dutena enpresako langileek ordaintzen duten PFEZa izatea. Zergak ez baititu enpresak ordaintzen, beharginek baizik. Agian kontuetan gehituko dira ere ogasunek Hidrokarburoen gaineko Zerga Berezia edo BEZ medio dituzten sarrerak. Zerga hauek ere ez ditu enpresak ordaintzen, geuk baizik, gure ibilgailurako erregaia eskuratzen dugun aldiro. Beraz, esan dezakegu Petronorrek gutxi ordaintzen duela, edo bat ere ez".