argia.eus
INPRIMATU
Petronorrek erraustegietako hondakinak jaso eta eraldatzeko proiektua aurkeztu du
  • Zierbenako portuan planta bat eraiki nahi du enpresak. Arriskutsutzat jotzen diren hondakinak eraldatu eta hormigoi eta baldosen bidez, besteak beste, eraikinetan eta obra publikoetan sartu nahi ditu.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 26a
Zierbenako portua. // Argazkia: Wikimedia Commons

Petronor enpresak proiektu berri bat aurkeztu zuen irailean, Naiz-ek jakitera eman duenez. Arriskutsutzat jotzen diren erraustegietako errauts eta zepa guztiak jaso eta eraldatu nahi ditu, hormigoi, baldosa, zintarri eta harlangaitzaren bidez eraikinetan eta obra publikoetan sartzeko. Horretarako, Zierbenako portuan planta bat eraiki nahi du enpresak.

Proiektuak beste hondakin batean eraldatu nahi ditu errautsak. Hondakin horrek, ordea, onartua izan dadin Ministerioaren kalifikazioa jaso behar du, bere ezaugarri eta arriskugarritasuna aztertuta.

Irailaren 5ean egin zuen publiko Petronorren proiektua Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Proiektuak jasotzen duenez, “Planta berriko lehengaiaren (hondakinen) zati handi bat instalazio termikoetatik (erraustegiak, eta abar) etorriko da, eta instalazio termiko hori HHSko erraustegietako errauts-zepak edo errekuntza-instalazioak (APCr) izango dira, batez ere”.

Bestalde, proiektuak azaltzen du erraustegiak urte osoan lanean aritzen direla planta jarri nahi duen tokitik 100 kilometro baino gutxiagora: “Gehiago daude Asturias, Katalunia, Madril, Galizia eta Zaragozan, besteak beste”.

Proiektuaren arriskugarritasuna

Zierbenako plantara eraman nahi dituzten hondakinetatik hamabost “arriskutsuak” direla argitzen du proiektuak, baina azpimarratu du “zisterna-motako kamioi itxiak erabiliz” garraiatuko direla. Karga eta deskarga lanetan “partikula solidoak airera isurtzeko” arriskua dagoenez, enpresak “automatikoki” egingo dela argitu du: “Aurreikusita dago siloak iragazkiz hornitzea, gai horiek kargatu bitartean sor daitezkeen hauts-isuri barreiatuak biltzeko eta arazteko”.

Baimenaren zain

Enpresak prozesuaren helburua finkatu du: “Petronorren industria-instalazioetan sortutako CO2a finkatu nahi dugu, gure inguruko instalazio termikoetan sortutako hondakin bat merkataritza-material berri batean bihurtzeko”.

Material berri hori zein den jakiteke dago oraindik. Eraikuntza-sektorean erabiliko den material ekoagregatua (birziklatua) izango dela adierazi du enpresak, eta harrobietatik agregakin naturalak ateratzea saihestuko duela.

Petronorrek oraindik ez ditu beharrezko baimenak eskuratu: “Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 5. artikuluaren arabera, ekoitzitako materialearen hondakin izaera desagertu dela egiaztatzen duen dokumentazioa edukitzeko lanean ari gara”.