argia.eus
INPRIMATU
Petronorrek Barbadun errekako ura erabili nahi du, EAJ eta PSEren oniritziarekin
  • Muskizko Udala eta Petronor akordio batera iritsi dira, petrokimikoen plantak Barbadun errekako urak erabili ditzan lantegian. Prozesua “opakotasun” handiarekin egin izana egotzi dio EH Bilduk, EAJ eta PSEren udal gobernuari.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 18a
Arg: Ignacio PĂ©rez

2017ko urtarrilean aurkeztu zuen proiektua Petronorrek Muskizko Udalean eta obrak egiteko baimena eskatu. “Ez dugu pauso administratibo horiez ezer jakin”, salatu du Muskizko EH Bilduk igorri duen oharrean. Irailean jakin zuten udalaren eta petrokimikoen enpresaren asmoen berri, erregistroan “atentzioa deitu” zien eskaera bat ikusi ostean.

Martxoaren 8an Uraren Euskal Agentziak proiektuaren inguruko txosten bat eskatu zion Muskizko Udalari. Agentziak ordea ez zuen inolako txostenik jaso. Gauzak horrela martxoaren 16ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, proiektuaren inguruko informazioa publiko egin zen, alegaziorik aurkeztu gabe.

Petronorrek errekako uraren dibertsifikazioa egiteko aukera ontzat eman zuten Muskizko Udalak eta URA agentziak, “aukera ugari aztertu ostean”, Barbadun errekako urak erabilera industrialerako bideratuz.

400 milimetroko diametroa duen hodi bat jarri nahi dute, errekako urak enpresara bideratzeko. Horrela ibaiaren emari ekologikoa, errekako ekosistemak bizirik jarraitu dezan beharrezkoa den ur kopurua, arriskuan jartzen dela salatu du koalizio subiranistak. Orain urtarrilaren 31ra arte azpiegituretarako Plan Bereziari alegazioak aurkezteko epea irekita dago.