Vallès, Vic, Tàrrega, Gomès-Mollerussa eta Torroella de Montgrí herrietan dauzkaten sei gasolindegiak itxita egon ziren urriaren 3ko greban eta normaltasunez egingo dute lan Pilarica egunean. Espainiari ez baina Generalitateari pagatzen dizkiote zergak.
El Mon astekariak dio 2014an sortutako Petrolis Independents konpainiak bere logo (bandera izarduna) eta merchandising propioak dauzkala eta iaz 12 milioi euro fakturatu zituela. Petro 7 konpainia mexikarraren frankiziarekin funtzioantzen du, low cost gasolindegi sare moduan eta bere jabeek diote Espainiako petrolio konpainia handien lobbyari (Repsol, Cepsa, BP...) aurre egin nahi diotela Dabid txikiak Goliati bezala.
Kataluniak ez daukanez bere Ogasuna, nola lortzen dute ez ordaintzea Espainiari? Ez omen da legala, baina ezta erabat legez kontrakoa ere, alegala baizik. Estatuak zergetarako aurkezten dizkien formulario guztiak erabiltzen dituzte, baina azken likidazioak Generalitatearen kontuan sartzen. "Badaude enpresa gehiago hori egiten dutenak. Ez digute ezer erreklamatu, izan ere gu gure zerga guztiak zuzen ari gara ordaintzen, baina Kataluniari".
Etekinen zati bat proiektu independentistei ematen omen diete. Erreferendumean baiezkoaren aldeko kanpaina egin dute. Eta Espainiaren egun nazionalean (esan nahi baita, Guardia Zibilaren patroia den Pilarreko Andramari egunean) ez dute inolako bakantzarik eginen.