argia.eus
INPRIMATU
Petrolioaren prezioak %7 egin du behera Saudi Arabiaren adierazpenen ostean
  • Larunbatean Yemengo Huthiek drone bidez Saudi Arabiako bi petrolio findegi nagusiei eraso egin zieten, herrialdearen petrolio produkzioa erdira jaitsiz. Honek urre beltzaren prezioa %10 igotzea ekarri zuen, baina merkatua berriz egonkortu da egun batzuen ostean.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 18a
Saudi Arabiako burtsa.

Saudi Arabiak adierazi du hilabetearen amaierarako petrolioaren prezioa erasoen aurreko bera izatera igaroko dela, eta honek merkatuaren berehalako erreakzioa ekarri du, prezioak %7 egin baitu behera. Erasoen ostean AEBek petrolio erreserbak aktibatuko zituztela adierazi zuten, baina berri hauen ostean Donald Trumpek berak esan du ez dela beharrezkoa izango.

“Produkzioa irailaren amaieran egonkortuko da”, adierazi du Saudi Arabiako Energia Ministroak, Abdulaziz bin Salman printzeak. Erasoen aurrean Aramcok izan duen erreakzioa goraipatu du, berehala lanean jarri eta berreskuratzen hasi direla gogoraraziz.

Gorabeherak zifratan

Larunbateko erasoen ostean, Brent gordinak (nazioarteko erreferentzia indizea) %20 arte egin zuen gora, azken 30 urtetako igoera handiena, eta %10ean egonkortu zen. Honek petrolioaren prezioa 60,25 dolarretik 66,56 dolarrera igotzea eragin zuen. Astearte honetako jaitsierarekin, baina, 64,6 dolarrean jarri da.

Konponketa lanak

Aramco Saudi Arabiako petrolio enpresa nagusiaren presidenteak, Amin Nasserrek, adierazi du oraindik erasoek eragindako kalteak neurtzen ari direla, baina enpresaren “handitasuna” ikusita aurreikusten dute ez dela hainbesterako izango. Zazpi ordutan sute guztiak itzaltzea lortu zutela gehitu du Nasserrek.

Larunbateko erasoak

Joan den larunbatean Yemengo Huthiek Saudi Arabiako bi petrolio findegi nagusiei egin zieten eraso; bi findegi hauek herrialdeak produzitzen duten petrolioaren erdia eta munduko produkzioaren %5a egiten dute, eta berehala alarmak piztu zituen mundu osoan. Hemen ikus dezakezu erasoei buruz egin genuen albistea.