argia.eus
INPRIMATU
Petrolioaren, gasaren eta ikatzaren aldeko 636 lobby zenbatu dituzte COP27 gailurrean
  • Petrolioaren, gasaren eta ikatzaren aldekoak indartsu daude aurten ere: iaz Glasgowen bildutakoa baino %25 gehiago dira aurtengo COP27 biltzarrean. Klima larrialdiak gehien kaltetu hamar estatuek baino ordezkaritza zabalagoa dute lobby horiek. Guztira 33.000 ordezkari daude Egiptoko Xarm el-Xeikh hirian, izan estatuenak, elkarteenak, enpresa pribatuenak edota lobby taldeenak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko azaroaren 11

COP27 gailurreko parte-hartzaileen zerrendari hurbiletik begiratu die Corporate Accountability, Corporate Europe Observatory eta Global Witness Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta horra datu kezkagarria: erregai fosilen sektorearen alde dabiltzan 636 lobbysta kontatu dituzte –iazko gailurrean 503 ziren–. Gainera, herrien ordezkaritzetan ere daude. Guztira 29 herrien taldeetan dira; Arabiar Emirerri Batuak ditu gehien, orotara 70 ordezkari eta ondotik dator Errusia, 33 lobbystekin.

TotalEnergies, Shell, ExxonMobil, Shell, Chevron edota BP gisako multinazionalak bertan daude. Baina horrez gain, helburu berarekin antolaturiko bestelako egiturak ere badaude gailurrean. Adibidez, 130 ordezkari bidali dituen IETA Isurketa Eskubideen Trukaketarako Nazioarteko Elkartea –aurretik zerrendaturiko multinazionalak ditu bere baitan egitura horrek ere–.

Presio taldeak hor izanen direino aterabide eraginkorrik ez dela lortuko deitoratu dute Corporate Accountability, Corporate Europe Observatory eta Global Witness erakundeek: “Paludismoa borrokatzeko ez dituzu eltxoak gomitatzen”. Lobby horien greenwashing logika eta “aterabideen atzeratzea” deitoratu dute, beste behin ere.

Paraleloki, ingurumenaren alde borrokan dabiltzan Hegoko elkarteetako ordezkariek bertaratzeko trabak kausitu dituzte: bisa ezin lortua, Egiptok bideratu neurri errepresiboak edota oztopo ekonomikoagatik.

Ondoko datuak ere kezka eragin die benetako aldaketa eta aterabideen alde dabiltzanei: klima larrialdiak gehien kaltetu hamar estatuek baino ordezkaritza zabalagoa dute petrolioaren, gasaren eta ikatzaren aldeko lobbyek. Porto Rico, Birmania, Haiti, Filipinak, Mozambike, Birmania, Bahamak, Bangladesh, Pakistan, Thailandia eta Nepal dira munduko herri gehien kaltetuak.

Erregaien sektoreko enpresak zergapetzeko deia

Uhartetar Estatu Ttipien Aliantzak “hitzetik ekintzetara” pasatzeko deia zabaldu zuen azaroaren 8an, COP27 gailurretik: petrolioaren, ikatzaren eta gasaren sektoreko enpresen zergapetzea ezinbestekotzat dauka. Gaur egun, 52 uhartetar estatu ttipiek isurketen %1 bakarrik eragiten badute ere, horiek dute klima larrialdia gehien pairatzen.

Karibe itsasoko Antigua eta Barbuda estatuko lehen ministro Gaston Brownek ondokoa adierazi zuen egun horretan: "70.000 milioi dolar inguru irabazita, garapen-bidean dauden herrialdeen klima-kalte nagusien kostuak estaltzeko dirutza baino gehiago irabazi dute erregai fosilen sektoreko sei enpresa nagusiek aurtengo lehen seihilekoan. Izugarrizko irabaziak lortzen dituzte giza zibilizazioaren kaltetan. Irabaziak egiten dituzten bitartean, planeta erre egiten da”.

Azaroaren 6an hasi eta 18an bukatuko da klimaren aldeko gailurra. Parisko 2015eko gailurrean ondoko helburua finkatu zuten: mendearen bukaeran munduko batez besteko tenperaturaren igoera 2ºCtik beherakoa izatea da, eta ahal bada, 1,5ºCtan geratzea, industriaurreko maila oinarri hartuta. Baina Egiptoko COP27aren bezperan GIEC Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ohartarazi du helburu hori ez dela betegarria: "Egia erran behar zaie herritarrei".

Arrazoia izango dute aditu horiek, jakinik gainera, petrolio, gas eta ikatzaren industriaren alde dabiltzan 636 lobbyak buru belarri ariko direla lanean sistemak bere horretan mantentzearen alde.