Covid-19 koronabirusak mundu osoan zehar zabaldu ahala kutsatu du planetako ekonomia oro eta honen adierazgarri nagusietako bat da asteotan petrolioaren prezioak daraman gainbehera: astelehenean, martxoak 9, hartu duen jipoiaren aurrekariak aurkitzeko 1991eraino jo beharra dago, Saddam Husseinek Kuwait inbaditu ondorengo gerraren amaierara.
Aurreko ostiralean, martxoak 6, ikusi zen koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren biktima suertatuko direla petrolio ekoizleak: Saudi Arabia eta Errusia ez ziren ados jarri petrolio ekoizpena mugatzeko erabakian eta ondorioz urre beltzaren prezioak %9 egin zuen behera. Asteburuak ez ditu joerak aldatu, nonbait, eta astelehen goizean petrolioaren prezioak %30 arteko beherakadak ikusi ditu, orduek aurrera egin ahala %20an geratu direnak. Harrigarria izan da Brent eta Texas petrolio estandarren prezioak upeleko 35 dolarretan ikustea. Ez hori bakarrik, zenbait aditu iritsi da esatera preziook jaitsi daitezkeela upeleko 20 dolarretaraino.
Koronabirusaren izurriak munduko ekonomiak ere kutsatu berriak zituenean gutxi ziren horrelako gainbehera aurreratzen ausartu zirenak. Gutxietako bat izan zen Gail Tverberg, otsailaren 18an idatzi baitzuen: "Lehengaien prezioek behera egin dezakete Txinaren eskaria ahultzeagatik. Zehazki petrolioa gogor merketu daiteke, behar bada upeleko 30 edo 35 dolar artio. Txinak olio eskaria gutxitzeaz gain, [mundu osoan] bidai luzeak asko urritzearen gaia dago, jendea beldur izango delako Covid-19a eduki dezaketen beste batzuen artean bidaiatzeko". Hogei egun beranduago iritsi da urre beltza prezio horietara... eta krisiak okerrera jotzeko malda osoa dauka libre.
Pentsa, urtarril hasieran ia 70 dolarretan zegoen Brent upela.