Ekaitz-erauntsia emana zegoen eta "hondamendia jazo da", Errusiako Gobernuak jakinarazi duenez. Ukrainak arduragabekeria egotzi dio.
Krimeako Kerch hiritik bost milatara (zortzi kilometro inguru), petrolio-ontzi errusiar bat hondoratzen hasi da igande arratsaldean, ekaitz-erauntsi bortitzari aurre egin ezinda. Hamahiru tripulante onik irtenarazi dituzte larrialdi zerbitzuek, baina beste bat hil egin da. Ezin izan dute, ezta ere, isurketa gelditu; 4.300 tona galipota inguru ari da barreiatzen Itsaso Beltzean agintarien arabera, Kommersant egunkari errusiarrak jaso duenez.
Bigarren petrolio-ontzi baten inguruko informazioak ugari dira. The Guardian egunkari britainiarrak, aipaturiko hedabide errusiarrari erreferentzia eginez, zera dio: bigarren petrolio-ontzi batek ere istripua izan duela, ez dela hondoratzen ari, ez dela ari ezer isurtzen, baina noraezean dela eta ez itxura onean. Aldiz, Espainiako EFE albiste-agentziaren esanetan, azken hori ere hondoratu egin da eta denera 8.000 galipot tona baino gehiago isuri dira Itsaso Beltzean.
Errusia eta Ukraina, parez pare
"Larrialdia" dekretatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak, "hondamendia" jazo dela jakinarazi ondoren, eta esan du isurketen eragina "minimizatzeko neurriak" hartuko dituela. Balizko kalteei buruzko aurreikuspenik ez duela egin leporatu diote Mendebaldeko hedabideek.
Ukrainak, bestalde, arduragabekeria egotzi dio Errusiari. Batetik, "halako ekaitz-erauntsi batekin" ontzia itsasora irteteagatik; eta bestetik, bi itsasontziak 50 urte baino gehiago izanik ez zituztelako nabigatzeko "baldintzak egoki betetzen", Ukrainako Gobernuaren esanetan.