argia.eus
INPRIMATU
Petrolio enpresek 700 milioi euro baino gehiago poltsikoratu dituzte, Espainiako Gobernuaren hobaria baliatuz
  • Petrolio enpresek erregaiarekiko deskontua baliatu zuten prezioak igotzeko, azterketa batek erakutsi duenez. Litroko 20 zentimoko beherapenetik, kontsumitzaileak 14ren onuradun izan ziren eta 4,7 enpresen esku geratu zen. 1,3 diru-kutxa publikoetara joan zen.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 07a

Petrolio konpainiek 700 milioi euro irabazi zituzten, Espainiako Gobernuak erregaiari egindako deskontuari esker, 2022ko apirilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean. Hala erakutsi du Luis Jimenezek, Kanaria Handiko Las Palmas Unibertsitateko Ekonomiako irakasleak, Jordi Perdiguero eta Jose Manuel Artilesekin elkarlanean egindako azterlanak.

Litroko 20 zentimoko deskontua, berez, 14 zentimokoa izan zen petrolio enpresa handiek prezioak igo zituztelako. Ikerketaren arabera, enpresa horiek Gobernuaren hobaria baliatu zuten 723 milioi euro poltsikoratzeko, laguntzaren %20 inguru. Ondorioz, gidariek onura gutxiago izan zituzten.

La Vanguardia egunkariak argitaratu du 20 zentimoak nola banatu ziren. Erabiltzaileak hamalau zentimoren onuradun izan ziren, enpresak 4,7 zentimorekin geratu ziren, eta gainerako 1,3 zentimoak diru-kutxa publikoetara joan ziren, zergen bidez. Horrek esan nahi du petrolio enpresek diru laguntzaren %20 eskuratu zutela.

Kopuru hori zenbait enpresen emaitzetan ikus daiteke. Esaterako,  Repsolek 4.251 milioi irabazi zituen 2022an, aurreko urtean baino %70 gehiago. Edo Cepsak 2022an %66,4 igo zuen irabazi garbia.