Bilbon hil zen etxegabe gaztea gogoratu dute Uribarriko bere auzokideek eta etxerik gabeko Beste Bi plataformak. Gizarteari eskatu diote errealitate honen aurrean ez begiratzeko beste aldera, komunitate gisa elkar zaindu behar dugula, eta administrazioari berriz, bazterketa egoeran bizi direnei erantzuteko baliabide publikoak eta zerbitzu sozialak indartu ditzala, eta errolda soziala jar dezatela udalek martxan behingoz, bizimodu duina bermatzeko abiapuntu.
Bilbon hildako 23 urteko gaztea ezaguna zen Uribarri auzoan, bertako denda baten atean gitarra jotzen baitzuen. Polonian jaioa, Peter deitzen zioten eta bi urte inguru zeramatzan Bizkaiko hiriburuan. Udal aterpetxean egiten zuen lo eta egunez kalean bizi zen. Etxerik gabekoen kopurua handitu egin da pandemia garaian, gogoratu du Beste Bi plataformak, eta administrazioei eskatu die gizarte-zerbitzuen zorroa “modu eraginkorrean garatzeko eta estrategia orokorra eguneratu eta aktibatzeko”. Errolda soziala martxan jar dezatela ere exijitu die udalei, “pertsona guztiek eskubide sozialak eta prestazioak eskuratzeko ezinbesteko tresna baita”.
Ildo berean, baliabideen premia azpimarratu dute auzokideek. “Peter ez da izan kalean hildako lehen pertsona, eta ez da azkena izango. Sistemari bost axola. Berriro errepika ez dadin, borroka soziala eta komunitarioa biderkatuko dugu: ez dezaten etxebizitzarekin espekulatu, zerbitzu sozialak ez ditzaten murriztu, bizitza duin bat izateko baldintzak berma ditzaten… Laguntzak behar dituzten pertsona horiek jaso ditzaten, guztiek, nondik datozen erreparatu gabe”.
Baliabide faltaren aurrean, elkar zaintzaren garrantzia nabarmendu dute bizilagunek. “Peterren txokoa bilakatu bedi borroka antikapitalista eta komunitarioaren oihu”.